Itxi

EITB TALDEA

Audientziak

EITB taldeko irratiek audientzia hobetu dute, 400.000 entzule baino gehiagorekin

EITB Media

Azken EGMren (Estudio General de Medios) arabera, astelehenetik ostiralera 402.000 lagunek egiten dute bat taldeko irratiekin. Aurreko neurtaldian 385.000 izan ziren.

  • EITB irrati taldea

    EITB irrati taldea

EITB taldeko irratiek (Euskal Irrati Telebista) 402.000 laguneko audientzia lortu dute astelehenetik ostiralera, 2022ko Estudio General de Mediosen (EGM) lehen olatuaren arabera. Horrela, 2021eko azken neurketarekin alderatuta, hobetu egin dira datuak, orduan 385.000 entzule izan baitzituzten.

Euskadi Irratiak azken hamarkadako erregistrorik onenetakoa bereganatu du, 115.000 entzule lortu baititu astelehenetik ostiralera Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta eragin esparruan.

Radio Euskadik, bere aldetik, 155.000 entzule lortu ditu, eta Radio Vitoriak, berriz, lidergoa berretsi du Araban, 40.000 entzulerekin, azken hamar urtetako bigarren daturik onena berdinduz.

Gazteak eta EITB Musikak 2021eko EGMren azken neurketa gainditu dute, 70.000 eta 22.000 entzulerekin, hurrenez hurren.

EGM (Estudio General de Medios) da Espainiako estatuko irratien audientziak neurtzeko sistema nagusia, eta urtean hiru aldiz egiten da milaka inkesten bidez.

Azterlan honek, gainera, telebistako kontsumoei buruz galdetzen du, eta kasu honetan, Euskal Telebistako lau kanalek ere beren datuak hobetu dituzte, 598.000 ikus-entzuletako markari helduz.

Horrela, EITBko irrati eta telebistako hedabide guztiek ia milioi bat pertsonarengana iristea lortu dute EAEn eta eragin eremuan; zehazki, 962.000 entzule eta ikus-entzule lortu dituzte.