Itxi

EITB TALDEA

Aliantzak

EITB ikastolen jaien bidelagun eta babesle ofizial izango da, beste behin ere

EITB Media

Lankidetza hitzarmena berritu dute Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Ikus-entzunezko taldea Ikastolen Elkarteko jaietan izango da aurten ere, haur eta gaztetxoentzako edukiekin, eta jarduera eta ekitaldien berri emango dute bere medioek.

1:28
Koldo Tellitu eta Andoni Aldekoa. EiTB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

EITBk eta Ikastolen Elkarteak urteroko lankidetza hitzarmena sinatu dute, asteazken honetan, apirilak 27, Bilboko EITBren egoitzan izan den ekitaldian. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak izenpetu dute akordioa. Bi aldeak pozik agertu dira lankidetzarekin, eta inoiz baino beharrezkoagoa jo dute euskararekin eta euskarazko hezkuntzarekin zerikusia duten ekimenak bultzatu eta ikusgarri egitea, pandemiaren ondorioz bi urte hauetan bizitako egoeraren ostean, bereziki.

Hala, EITBk ikastolen jaiei babesa adierazi nahi izan die beste behin. Ikus-entzunezko talde erreferente gisa, EITBrentzat garrantzitsua da Ikastolen Elkartearekin aliantza indartzea eta bere ekimenei ikusgarritasuna ematea, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez. "Batzen gaituzten emozioen bilgune eta isla izan nahi du EITBk", gogoratu du Aldekoak, euskararen eta euskarazko hezkuntzaren aldeko ekimenek gizartea batzeko duten indarrari aipamen eginez. Bi urteren ostean, pandemiak eragindako aforo mugarik gabe elkartzeko aukera izango da berriz ere aurtengo jaietan, eta egoera horrek dakarren ilusioaren isla eta igorle izan nahi du EITBk.

Lehen hitzordua, Herri Urrats

Hala, aurten ohiko formatuetara itzuliko dira Ikastolen Elkarteko jaiak, eta bertan izango da EITB, haur eta gaztetxoentzako edukiekin.

Lehen hitzordua Herri Urrats izango da, maiatzaren 8an. Zehazki, Araba Gunean izango da EITB, haurrentzako 3 klubarekin. Ondoren, maiatzaren 29ko Ibilaldia eta ekainaren 19ko Araba Euskaraz jaietan ere haur eta gaztetxoentzako edukiak eta ikuskizunak izango ditu EITBk. Uda ostean iritsiko dira Kilometroak eta Nafarroa Oinez, eta bertan ere bidelagun eta babesle ofizial izango da EITB. Jarduera eta ekitaldi hauen guztien berri emango du EITBk bere medioetan.

Ikastola aldizkaria

Bestalde, eta hitzartutakoaren arabera, EITBk Ikastola aldizkarian presentzia izaten jarraituko du, bai paperezko eta bai euskarri digitalean ere, bere edukien berri emateko.