Itxi

EITB TALDEA

Haurrentzako podcastak

Haurrentzako euskarazko audio-ipuin eta bideopodcast berriak, EITBPodkasten eskutik

EITB Media

Aste honetan zehar, OQO eta Txalaparta argitaletxeen bost ipuin estreinatuko ditu EITBPodkast plataformak. Jada entzungai daude bi istorio.

  • Kuku bilduma entzungai EITBPoskast plataforman

    Kuku bilduma entzungai EITBPoskast plataforman

Hilabete hasieran "Sara eta Paulen abenturak!" audio-fikzioa kaleratu ostean, aste honetan, haurrentzako euskarazko audio-ipuin eta bideopodcast berriak estreinatuko ditu EITBPodkast plataformak, familiei eta udaz gozatzen ari diren umeei zuzenduta.

Zehazki, OQO eta Txalaparta argitaletxeen bost ipuin dira, nazioarteko idazleek idatzi eta euskarara ekarritakoak. Jada entzungai ditugu horietako bi EITBPodkast plataforman, Aisia-Fikzioa atalean, Kuku bildumaren baitan. Kokoriko eta Katu Kaskamotza izan da argitaratutako lehen audio-ipuina, eta asteartean argitaratu zen Ohean, mendi artean istorioa. Gaur bertan kaleratu da Inuiten mila zuriak. Datozen egunotan beste bi ipuin ere entzuteko aukera izango da, egunero bat: Dortokak lo egin nahi du eta Ez da munduan min handiagoa ematen duenik. EITBPodkast plataforman ez ezik, Spotify, Google Podcasts, Apple Podcasts eta Ivoox bitartez ere entzun ahal izango dira, noiznahi.

Ipuinak, gainera, bideopodcast formatura ere egokitu dira, ilustrazio animatuekin, YouTuben ikusteko moduan. EITBren YouTube kanalean egongo dira ikusgai, egunero ipuin berria.

"Sara eta Paulen abenturak!" gaztetxoentzako audio-fikzioa

Uztaila hasieran estreinatu zuen EITBpodkastek "Sara eta Paulen abenturak!" gazteentzako euskarazko audio-fikzio berria, Bernardo Atxaga idazlearen "Logalea zeukan ekilibristaren kasua" antzezlanean oinarrituta. Atxagaren zirkua inklusioa lantzeko kokaleku gisa landu dute bertan, eta Sara eta Paul gaztetxoak dira protagonistak. Sara itsua denez, Paulen kontaketari esker ikusiko du bertan gertatzen dena. Iñaki Beraetxek zuzendu du lana, eta berea da ere gidoiaren adaptazioa. Lorea Intxausti, Kepa Errasti, Itziar Urretabizkaia, Ainhoa Ayerbe, Iñaki Beraetxe, Joxe Felipe Auzmendi eta Aintzane Gamiz dira ahots nagusiak. 6 urtetik 13 urtera bitarteko entzule gazteei dago zuzenduta, eta bizikidetza inklusiboa bultzatzeko helburuarekin sortutako edukia da. 12 atal ditu, eta entzungai daude guztiak dagoeneko.