Bilboko Aste Nagusia
Izendapena, bertan behera
Bilboko Konpartsak: 'Txupinera Artola dela argi geratu da'
Erredakzioa
Konpartsek azpimarratu dutenez, "Bilbok berak eman dio Joneri dagokion lekua". Artola txupinazoan izan da Arriagako balkoian, baina konpartsako kide gisa.
-
Pregoilaria eta txupinera, Arriagako balkoian. Argazkia: EFE
Itziar Villafañez Bilboko Konpartsetako ordezkariaren aburuz, Bilboko Aste Nagusiari hasiera emateko ekitaldietan "argi eta garbi geratu da txupinera Jone Artola dela". "Bilboko herriak berak eman dio Joneri dagokion lekua", azpimarratu dute konpartsek.
Europa Pressi eskainitako adierazpenetan Villafañezek nabarmendu duenez, "egun gogorrak bizi ditugu, kanpotik datorren erasoa pairatu dugulako". Horren esanetan, txupina Jaietako zinegotziak bota izana "ez da gure gustuko erabakia izan, baina ezohiko egoera batek horretara behartu gaitu". "Pregoilaria eta txupinera babestearen alde egin dugu, garrantzitsuena baitzen", adierazi du.
"Txupinera Jone Artola dela argi daukagu. Bilboko herriak ere argi du, eta gaurko ekitaldian argi geratu da. Bilbok berak eman dio Joneri dagokion lekua eta hori da garrantzitsuena", gaineratu du konpartsetako bozeramaileak.