19:04

Herriak eta Hiriak

GABONETAKO AZOKA

Gasteizko nekazaritza azokak Eguberriak abiatu ditu

Ixone Arana | EiTB.eus

Azokak 114 saltzaile hartu ditu, Espainia plazan eta Agirre Lehendakariaren kalean jarri dituzten 140 saltokietan.

  • Oilateko hegaztien erakusketa. Argazkia: EiTB

    Oilateko hegaztien erakusketa. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Beste urte batez, Gabon-gauaren aurreko ostegunean, Gasteizko Espainia plaza bete egin da. Ehun saltoki baino gehiagotan, ekoizle eta artisauen produktuez gain, oilategiko hegaztiak erakutsi eta saldu dituzte.

09:00etatik 16:00etara, gasteiztarrek etxeko jakiak aurkitu dituzte; frutak, barazkiak, lekaleak, eztia, gozoak, ardoa eta hestekiak, besteak beste. Bestalde, Agirre Lehendakariaren kalean, artisauen saltokiak jarri dituzte, besteak beste, zahatoak eta zurezko apaingarriak eskaintzeko.

Aurten 60 urte bete dituen azokak 114 saltzaile hartu ditu 140 saltokitan, eta, aurreko bi edizioetan bezala, Vital Fundazioa arduratu da antolatzeaz, Gasteizko Udalaren laguntzarekin.

Jon Urresti Vital Fundazioaren zuzendariak Arabako produktuak sustatzearen garrantzia nabarmendu du, eta, horretarako, bereizgarri bat ipini dute arabar produktuak eskaini dituzten 56 saltokietan. “Datorren urtetik aurrera, diru-laguntzak eman nahi dizkiegu Arabako ekoizleei; izan ere, leku batzuetan lan hori uzten ari direla ikusi dugu”, azaldu du. Hala ere, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Errioxako produktuak ere eskaini dituzte bertan.

Bestalde, Eduardo Aguinaco Nekazaritza Saileko foru diputatuaren esanetan, nekazarien eta abeltzainen kopuruak behera egin arren, Araban “kalitatezko produktuak eskaintzen dituen lehen sektore indartsu eta profesionala” dago. Horren ustez, “sektoreak berak hartu behar du parte”, erakundeek lagundu arren, “etorkizuna ekoizleen eskuetan baitago”.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena