Itxi

Herriak eta Hiriak

Urtarrilaren 20an

18.400 lagunek parte hartuko dute San Sebastian eguneko 147 danborradetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Guztira, 7.681 emakumek eta 10.718 gizonek desfilatuko dute Donostiako kaleetan zehar urtarrilaren 20an. Aurten lau danborrada berrik parte hartuko dute.

  • 2017ko Danborrada

    2017ko Danborrada. EFEren artxiboko irudia

18.399 lagunek, 7.681 emakumek eta 10.718 gizonek, parte hartuko dute urtarrilaren 20an Donostiako Danborradan. San Sebastian festa dela eta, 147 danborrada izango dira egun horretan; horietako lau berriak dira.

Zifra horiek erakusten dute iaz baino 577 pertsona gehiago izango direla aurtengo ospakizunean. Horrek esan nahi du Donostiako "jai preziatuena eta parte-hartzaileena" dela, Eneko Goia alkatearen hitzetan.

Goiak astearte honetan aurkeztu ditu Danborradako berritasun nagusiak, Alfonso Gurpegui zinegotziarekin eta Gaztelubideko eta Union Artesanako danbor nagusiarekin batera emandako prentsaurrekoan.

Esan bezala, 2019ko Danborradak izango dituen aldaketez mintzatu da: "Jaia aldatuko ez badugu ere, sansebastianetako banderaren igoera berrantolatu eta webgune berri bat estreinatuko dugu, streaming bidez ekitaldi garrantzitsuenak emateko: besteak beste, bandera igotzea eta jaistea eta haur danborrada".

Halaber, lau danborrada berri gehituko dira ohikoetara: Bodeguilla Amara Elkartea, Altza Danborrada Sjc, Englistarrak Elkartea eta Matiazaleak (guztiak mistoak). Horrenbestez, 147 danborrada izango dira aurten: 137 mistoak, 1 emakumezkoena eta gainerako 9ak gizonezkoenak.

Gurpeguiren esanetan, danborradek emandako datuen arabera, "berdintasunari" dagokionez aurrera egiten ari da San Sebastian Egunaren ospakizuna.