17:54

Herriak eta Hiriak

Sanferminak

Jendetza batu da San Ferminen omenezko prozesioan

Agentziak | Erredakzioa

Milaka lagunek bat egin dute festetako egun handiarekin, kantu eta txalo artean. Alabaina, elizkizuna bukatuta tentsio uneak egon dira, Curia kalean.

1:24
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Milaka iruindar kalera irten dira igande goiz honetan, San Ferminen omenezko prozesioan parte hartzeko. Urtero bezala, hiriko Alde Zaharretik abiatu da ibilbidea, eta zuri-gorriz jantzita zeuden milaka lagunek bat egin dute festetako egun handiarekin, kantu eta txalo artean.

10:00ak aldera, udalbatzako kideak katedralera joan dira kabildoa jaso eta San Lorentzoren prozesioa abiatzeko. Santuaren irudia 10:30ak aldera atera dute jendez gainezka zegoen elizatik, eta iruindarrak hunkituta agertu dira San Fermin kalera atera duten unean.

Erraldoiak eta buruhandiak ez ezik, La Pamplonesa musika-banda, Katedraleko Kabildoa, San Ferminen Gortea, Iruñeko Artzapezpikua, Pasioaren Ermandadea, Mariana Elkartea, txistulariak, dantzariak, klarin eta tinbal jotzaileak, eta peñetako zein Jaunaren Pasioaren Ermandadeko kideak izan dira ibilbidean. Udaltzaingoa ere haiekin joan da.

San Anton eta Takoneraren elkargunetik Kontseiluaren Plazara joan dira. Bertan, Txantreako Santiago koralak ‘Al glorioso San Fermín’ jota kantatu dio santuaren irudiari. San Zerninen putzuan, geldiunetxo bat egin dute, eta txistulariek ‘Agur jaunak’ jo dute.

Santua bere kaperara itzuli denean, larrosa petaloak bota dizkiote harrera egiteko. Jarraian, santuaren ohorezko meza nagusia eman du Francisco Perez Iruñeko artzapezpikuak. Halaber, Katedraleko Musika Kapera, Iruñeko Orfeoia eta irakasleen orkestra izan dira bertan.

Milaka iruindar lagun izan ditu San Ferminek bere egun handian. Argazkia: EFE

Elizkizuna bukatuta, udalbatza eta kabildoa lehengo bide beretik joan dira katedraleraino. Ibilbide horretan, tentsio uneak egon dira. Izan ere, hainbat bultzakada izan dira jendez gainezka zegoen Curia kalean, udaltzainen, komitearen eta herritar batzuen artean.

UPNren aurkako oihuak, eta  baita, artzapezpikuaren eta apaizen aurkakoak ere entzun dira. EH Bilduko zinegotziei, berriz, txalo egin diete, baina alderdi horretako kide batek lasaitasuna eskatu die han bildutako lagunei.

Enrique Maya alkateak kazetariei esan dienez, gertatutakoa "espero zitekeena " izan da. "Giroa dezente berotu da azken egun hauetan. EH Bilduren aldetik adierazpen batzuk egin dira, eta hartu ditudan erabaki guztiak magnifikatzen saiatu dira", gaineratu du alkateak.

Mayak bere bederatzigarren prozesioa dela gogoratu du, eta prozesioan "tentsio giroa" nagusitu dela esan du. Testuinguru horretan, udaltzainen lana "ezinhobea" izan dela azpimarratu du.

Iruzkinak

  • Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena