Itxi

Irratia

Euskadi Irratia

2020/11/15

11:39

Euskadi Irratia

'Osasun Etxea'

Zubia: "Pfizerrek etikaren eta zientziaren muga guztiak urratu ditu"

eitb.eus

Txertoa lortzeko lasterketetan lehenengoak izan nahi izateagatik, Alemaniako enpresak aste honetan "propaganda ekintza" bat burutu duela salatu du Felix Zubia Euskadi Irratiko medikuak.

  • Pfeizer

    Txertoa. Artxiboko irudia: EFE

    29:11 min
imagen player
imagen player
imagen player
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko medikuak aste honetan Pfizer enpresa farmazeutikoak koronabirusaren aurkako txertoaz egindako iragarpena izan du hizpide Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. Txertoak % 90eko eraginkortasuna zuela zabaldu zuen Pfizerrek, baina hori "propaganda ekintza bat" baino ez da Zubia medikuarentzat.

Azaldu duenez, ikerketaren erdian dago Pfizerren txertoa, azken fasean dauden beste 10 bat txerto bezala. Ikerketaren erdian lortutako datu bakar bat isolatu "eta ikerketa erdian osotzat eman dute", baina hori "ez da zilegia" Zubiarentzat, "txosten zientifikoa" falta zaigulako.

Hala ere, Zubiak "itxaropena" dauka, eta espero du urte bukaera baino lehen txerto bat baino gehiago izango direla prest. Baina, azaldu duenez, "Pfizer etxeak egin duenak etikaren eta zientziaren muga guztiak urratu ditu". Alemaniako enpresaren ikerketa "martxan dago" oraindik, eta "ezin da esan txertoak % 90eko eraginkortasuna duenik", horretarako kopuru handiago behar baitute. Pfizerrek datu isolatu bat iragarri du, txosten zientifikorik gabe. Askoz datu gehiago eman beharko lituzkete ekintza zientifikoa izateko; beraz, "publizitate ekintza bat" baino ez dute egin aste honetan.

"Hori bolo-bolo botatzea eta esatea zientziarentzat egun handia dela, eta gero gobernu guztiak arrapalan ateratzea eta hau jartzeko eta lehenengoak izateko dirua jarriko dutela esatea , eta jendeari itxaropen faltsua ematea, ez da zilegi. Etikaren mugak puskatu dituzte enpresa farmazeutikoak eta gobernuek", salatu du Zubiak.

Gainera, -90 ºC-ra mantentzea eskatzen duen txerto horrek sortuko dituen "azpiegitura arazoak" ere aipatu ditu. Izan ere, "industria mailako hozkailuak behar ditu" txertoak, eta herrialde garatuetan ere ez litzateke erraza izango banatzea eta txertaketa kanpainak egitea.

Medikuak Hego Euskal Herriko egoera epidemiologikoaz ere hitz egin du. "Osasun sistema kolokan jartzeko atarian" gaudela ohartarazi du beste behin. Donostia Ospitalean behintzat lehen olatuan baino "okerrago" daudela esan du.

Bere ustez, "berehala" ikusi beharko genituzke kutsatze berrien kopuruen jaitsiera, "azken urratsean" gaudelako. "Gauzak funtzionatzen ez badu eta hobera egiten ez badu, itxialdia beste erremediorik ez da izango".

Azkenik, Zubiak oraindik EAEn debekatuta ez dauden baina bere ustez erabat baztertu beharko liratekeen ekintzak aipatu ditu, pandemiaren egoera hobetzeko beharrezkoak: "pertsonen arteko harremanak murriztu behar ditugu, pertsona taldeak ez ditugu bildu behar, espazio itxietan zer esanik ez; etxeetan festarik ez".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;