Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Lantzen ari den txertoak % 90eko eraginkortasuna duela iragarri du Pfizerrek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ikerketa amaitu gabe dagoela azpimarratuta, bi konpainiek esan dute 50 milioi dosi ekoiztu ditzaketeela 2020an eta 1.300 milioi 2021ean.

1:28
Pfizerren mezua. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Pfizer botika-konpainia estatubatuarrak eta BioNTech konpainia alemaniarrak astelehen honetan iragarri dute COVID-19aren aurka lantzen ari diren txertoak % 90etik gorako eraginkortasuna daukala kutsatuta ez dauden pertsonen artean.

Bigarren dosia jaso eta zazpi egunera lortu dute eraginkortasun maila hori, alegia, txertoaren lehen dosia jaso eta 28 egunera. Halere, bi konpainiek argitu dute ikerketak aurrera egin ahala eraginkortasuna aldatu egin litekeela.

Gaur argitaratutako oharrean bi enpresek zehaztu dutenez, hirugarren fase honetan ez dute segurtasun arazorik atzeman. Hori dela eta, saiakuntzak gainbegiratzeaz arduratzen den erakundeak gomendatu du horri buruzko informazio gehiago jasotzea, agintariekin azter dezaten.

BNT162b2 txertoa ikerketaren hirugarren fasean dago eta kanpoko batzorde independente batek aztertu du haren eraginkortasuna. "Gaurkoa egun handia da zientziarentzat eta gizadiarentzat. Gure txertoak gaixotasuna prebenitzeko balio dezakeela erakutsi dute hirugarren faseko probek", azpimarratu du Alberto Bourla Pfizer konpainiako kontseilari delegatuak.    

Bigarren txertoa jarri zazpi egunetara, hots, lehendabiziko txertotik 28 egun igaro direnean, eraginkortasun-maila oso altua dela ondorioztatu dute. Hori bai, konpainiek ohartarazi dute ikerketa oraindik amaitu gabe dagoela eta behin betiko emaitzak izan arte itxaron behar dela.

Datu horiek azaroaren hirugarren asterako eskuan izango dituztela aurreikusi dute eta orduan erabakiko dute Ameriketako Estatu Batuetako Elikagai eta Medikamentu Agentziara jotzen duten txertoa ekoizteko eta merkaturatzeko baimena eskatzeko.

Dena ondo bidean, 50 milioi dosi ekoiztuko lituzkete 2020an eta 1.300 milioi 2021ean. AEBn dagoeneko markatu dituzte lehentasunak: osasun arloko langileek, funtsezko zerbitzuetako beharginek eta arriskuan dauden herritarrek jasoko lukete lehendabizi COVID-19aren aurkako txertoa.

Tedros Adhamon Munduko Osasun Erakundeko zuzendariak esan du berri pozgarria eta itxaropentsua dela Pfizer eta BioNTech konpainiek egindako iragarpena.

"Pandemiari aurre egiteko inoizko elkarlan zientifikorik handiena ematen ari da munduan", nabarmendu du Twitter sare sozialean idatzitako mezuan.

BIDEOA: Adituek pazientzia eta zuhurtzia eskatu dute

Europako Batzordea txertoa erosteko negoziatzen ari da

Europako Batzordea Pfizer eta BioNTech konpainiekin txertoaren 300 milioi dosi erosteko negoziatzen ari da eta akordioa "laster" ixtea espero dute. Hala adierazi du Ursula von der Leyen presidenteak Twitter bidez.

Aurre-akordioa hilaren 9an egin zuten, baina ituna oraindik sinatu gabe dago. Testu horren arabera, Europar Batasunak 300 milioi dosi erosiko lituzke, eta 100 milioi dosi gehiago eskatzeko aukera izango luke.

Hainbat enpresa-farmazeutiko ari dira COVID-19aren aurkako txertoa sortu nahian eta Bruselak beste hainbeste akordio egin ditu, badaezpada. Oraingoz, hiru akordio sinatu ditu ondoko konpainiekin: AstraZeneca (300 milioi dosi), Sanofi-GSK (300 milioi dosi) eta Johnson&Johnson (200 miloi dosi).  

Horrez gain, CureVac eta Moderna enpresekin ere hizketan ari dira.

Igoera handiak burtsan

Mundu osoko burtsetan izan dira gorakadak Pfizerren iragarpenaren ostean. Hala, Dow Jonesek, Wall Streeteko adierazle nagusiak, % 5,63ko igoera izan du Bidenen garaipenak bultzatuta eta COVID-19aren aurkako txertoan emandako aurrerapausoengatik.

Espainiako burtsak historia hurbileko seigarren igoera handiena izan du, azken hamar urteetako handiena, % 8,57ko igoerarekin, eta 7.400 puntuak berreskuratu ditu.

Euroa 1,18 dolarrean, Parisek % 7,57 irabazi du, Milanek % 5,43, Frankfurtek % 4,94, eta Londresek % 4,67.

Tokion % 2,12ko irabaziak izan dituzte, eta 1991tik izandako igoera altuena. Gainera, Hong Kongek eta Shanghaik ere gora egin dute, % 1,18 eta % 1,86 hain zuzen, Txinako kanpo merkataritzak iazko urritik % 4,6 hazi dela jakin denean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena