Itxi

Faktoria

Ziortza Linares, tratu txarrez

'Oso zaila eta gogorra da, baina aterako gara. Ziur nago'

Senar ohiarengandik babesteko neurriak kendu zizkioten Ziortzari udaberrian. Epaitegietako malkarrean jarraitzen du eta bere bizitza errautsetatik eraikitzen.

  • Ziortza Linares

    Ziortza Linares

    24:55 min
imagen player
imagen player
imagen player

Bi urte dira Ziortza Linares bilbotarra 'Faktorian' ezagutu genuela. Senar ohiak 20 urte luzetan emandako tratu txarrak kontatu zituen orduan eta jakinarazi zuen arrisku handitzat zuela bere kasua Ertzaintzak. Bizkarzainarekin eta segurtasun gailu birekin bizi zen, harik eta joan den udaberrian babes neurri guztiak kendu zizkioten arte, epaileek neurri horientzat emandako datak iraungi egin zirelako. Ez da, hala ere, babestuta sentitzen. 'Ez dakit etorriko den, baina inoiz etortzekotan, badakit ni akabatzera etorriko dela', kontatu digu tarte honen ondoren bere bizitza zertan aldatu den kontatzeko hitzartu dugun elkarrizketan.

Heldu den asteazkenean ikusik du aurrez aurre, urruntze agindua hautsi eta mehatxuak egiteagatik haren kontra deitu den epaiketan.  Izan ere, epaitegietako malkarrean jarraitzen du Ziortzak eta bere bizitza errautsetatik eraikitzen. 'Askoz ere ziurtasun gehiago daukat. Oso harro sentitzen naiz. Haurrak aurrera atera ditut. Hiru mutil dira eta oso kontzientziatuta daude. Badakite hau gertatzen dela eta jende askok sufritzen duela egoera hau', azpimarratu du. 12,10 eta 5 uteko hiru semeek jasotzen dute laguntza psikologikoa, eta zaharrenaren egoerak kezkatzen du oraintxe Ziortza gehien. 'Suizidio-ideia bere buruan dabil', kontatu du minaren neurria nolako den adierazi nahian: 'Oso zaila eta gogorra da. Baina aterako da. Edo aterako dut. Aterako gara. Ziur nago'.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.