Itxi

Faktoria

Klima aldaketa mahastietan

Klima larrialdia Arabako Errioxan: "Mahatsondoak mendian gora eta ardo gozoagoak"

MIkel Rotaetxe | EITb Media

Klima berotzearen ondorioz, duela 30 urte baino bizpahiru aste lehenago ari dira mahatsa biltzen Arabako Errioxan, eta upategietan hasi dira egokitzapen planak prestatzen. Faktorian Ostatu upategira jo dugu erantzun bila.

  • Mahatsak

    Mahatsak

    11:27 min
imagen player
imagen player
imagen player

Arabako Errioxako mahastietan ekin diote aurtengo mahats bilketari. Kuadrillako errepideetan hasi dira hara eta hona mahatsez betetako lehen atoiak, eta sasoikako langileak ere galtzak bete lan dira, pandemia aroko bigarren uzta jasotzeko ahaleginean. Udazkenerako ataritzat dugu mahats bilketa, baina uste baino kointzidentzia berriagoa da. "80ko hamarkadarekin Bizpahiru aste aurreratu da mahats-bilketa", azaldu du Euskadi Irratiko Faktorian Arantzazu Lopez de Alda Samaniegoko Ostatu upategiko ordezkariak, "eta mahatsaren bizi zikloa iraganean baino laburragoa da".

Egutegia aztoratzearen arrazoia klima aldaketa dela azaldu du Urtzi Leibar ingeniari agronomoak: "Batazbesteko tenperatura gradu bat igo da Arabako Errioxan, euriteek behera egin dute eta CO2 gehiago pilatu da atmosferan". NEIKER-TECNALIAk, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta CSICek zuzendutako ikerketa baten arduraduna da Leibar. Banan bana zerrendatu dizkgu berotze globalak mahastietan eragin dituen aldaketak, eta etorkizuneko proiekzioa egin digu: "Egungo joerari eutsita, tempranillo mahatsak garraztasuna eta kolorea galduko ditu". Lopez de Aldak, berriz, datozen aldaketei egokitzeko Ostatun hartu dituzten neurriak azaldu dizkigu: "mahatsondo berriak mendian gora ari gara landatzen, eta belarrez ari gara estaltzen mahatsondoen arteko tartea".

Klima larrialdiak Euskal Herrian eragin dituen aldaketak, ebidentzia zientifikotik aztertuko ditu Euskadi Irratiko Faktoriak bi astez behin.