Goiz kronika asteburua
ELKARRIZKETA
Juanmi Galatas: "Batzuetan urruti ikusten dugu larrialdi ekologikoaren arazoa"
EUSKADI IRRATIA
Juanmi Galatas Larreko Mahaia taldeko bozeramaileak Goiz Kronikan adierazi du larrialdi klimatikoaren ondorio larriak "gure inguruan" sortzen direla.
-
Larreko Mahaia taldea, Aldaketaldiaren aurkezpenean
6:21 min
Juanmi Galatas Larreko Mahaia taldeko bozeramailea "Goiz Kronika"n izan da, U30 Aldaketaldia ekimenaren inguruan hitz egiteko. Greenpeace eta Eguzki bezalako talde ekologistek, ELA, LAB eta Comisiones sindikatuek eta beste hainbat kolektibok osatzen dute Larreko Mahaia taldea, eta klima larrialdiaren aurkako borroka norbere baitan hasten dela aldarrikatu nahi dute Aldaketaldia ekimenaren bitartez. 40 bat ekitaldi antolatu dituzte guztira, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan, baina baita Araban ere. "Ekimen txiki asko izango dira batean eta bestean, herriz herri, modu deszentralizatu batean".
Manifestazio nagusiak Donostian, 17:00etan Gladys eneatik eta 17:30ean, Bilbon, Jaurlaritzaren egoitzatik abiatuta egingo dituzte. Galatasek adierazi du larrialdi klimatikoa arazo globala izan arren, askotan urrutiko zerbait balitz bezala ikusi ohi duela gizarteak: "Konturatu behar gara gure inguruan sortzen dira ondorio latz horiek dituzten arrazoiak: baso soiltzeak, biodibertsitate galerak, trafikoa, hondakinen kudeaketa kaskarra...".
Hondakinen kudeaketaren harira, Zaldibarko zabortegian gertatutakoa ere izan du hizpide: "Zabarkeria izugarriz jokatu zuten bai enpresak eta bai administrazioek ere. Horrek erakusten du zeinen kaskarra den gure herrian hondakinen kudeaketa".
Azkenik, administrazio publikoarekin kritiko azaldu da Galatas: "Eusko Jaurlaritzak klima larrialdiaren lege bat onartua du, baina gero ez du ezer egiten. Eta egiten bada, eskaparate hutsa da".