Itxi

Goizak gaur

Pandemiaren bilakaera

Antton Erkoreka: "Pandemiaren amaiera udaberri amaierarako edo udarako etor liteke"

Anton Erkoreka Medikuntzaren Historia museoko zuzendari eta gaixotasunen historian aditu denak uste du omikron aldaerak eragindako olatu honek 10-12 egun barru joko duela goia.

  • Anton Erkoreka

    Anton Erkoreka

    9:05 min
imagen player
imagen player
imagen player

Covid-19aren pandemiaren amaiera udaberri amaiera-uda hasierarako aurreikusten du Anton Erkoreka Medikuntzaren Historia museoko zuzendariak, ordurako, birusa baretzen eta endemiko bihurtzen joango baita. "Pandemia historikoak 2-3 urtez luzatu dira. Pandemia guziak pasatzen dira, eta hau ere pasako da; joango gara zulotik irteten", nabarmendu du gaixotasunen historian aditu denak "Goizak Gaur" albistegian.

Une hontetan omikron oldearen txarrenean gaudela uste du Erkorekak, baina 10-12 egun barrurako gailurrera irits litekeela uste du. Espero gabeko eztanda izan dela nabarmendu du, baina, Hegoafrikan bezala zuzenean beherantz egiten badu, otsailerako lasaiago egongo garela aipatu du. Omikron Historian gehien transmititzen den birusa da, elgorriaren gainetik (orain arteko marka elgorriak zuen), eta mutazio gehiago ere izango direla  gogorarazi du adituak.

Hori dela eta, Erkorekak dio goizegi dela Sanchezek atzo iragarritako izurritearen jarraipen estrategia aldatzeko eta gripearen zaintzaren parekoa indarrean jartzeko. "Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina ez da ona izaten momentu txarrenetan estrategiak larregi aldatzea", erantsi du.

Bestalde, momentu historiko berezian gaudela azpimarratu du. Populazioa gero eta handiagoa da munduan, kutsadura maila larria da alor guztietan eta klima aldaketa ere hor dago. Testuinguru horretan, birusak naturaren parte direla gogorarazi du, "gu bezala bizi dira gure munduan eta gu bezala zabaltzen dira". Hori dela eta, perspektiba globala izatean jarri du fokua, pandemia bat ezin baita ulertu birusa soilik kontuan hartuta.