Itxi

Osasun etxea

'Osasun Etxea'

Zubia: "65 urtetik gorakoak txertatuta daudenean konponbidea ikusten hasiko gara"

Mikel Dominguez | EITB Media

"Beltz honetatik aterako gaituena" txertoa dela gogorarazi du Donostia Ospitaleko medikuak, eta bitartean neurri zorrotzagoak behar direla defendatu du.

  • Felix ZUbia

    Felix Zubia, koronabirusaren kontrako txertoa jasotzen. Argazkia: EITB Media

    29:37 min
imagen player
imagen player
imagen player

Neurri murriztaileagoen beharraz eta txertoak ekarriko duen itxaropenaz hitz egin du Felix Zubia Donostia Ospitaleko medikuak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan, Pfizer-BioNtechen txertoa jarri dioten astean.

Zaintza intentsiboetako unitatean egiten du lan Zubiak, eta Gipuzkoako erresidentzia batean dosi batzuk sobratu zirenez, bere ZIUko medikuei txertatzea egokitu zitzaien. "Lehen egunean sorbaldan traba txiki bat" besterik ez du sentitu.

Izan ere, txertoa izan du hizpide Zubiak. "Beltz honetatik aterako gaituena" dela gogorarazi du. Batez ere, "65 urtetik gorakoak txertatzen direnean" arinduko da egoera, hau da, "hemendik hiru bat hilabetera". "Hurrengo hilabeteetan, ez oso luzera begira, ikusiko genukeen zerbait izango da", esan du medikuak.

Adinekoen egoitzetakoak eta osasun langileak txertatuta, adin handikoei eta gaixo kronikoei tokatuko zaie, eta ondoren, 65 urtetik gorakoei. Horiek txertatzen "hasi eta hilabetera edo, konponbide dezentea ikusiko dugu".

Bestalde, txertoen hornidura arazoei "gehiegizko publizitatea ematen diogula" uste du. Izan ere, hori "konponduko da", eta txertaketa kanpainaren abiadura asko handituko da hiru txerto izanda. Europako Medikamentuen Agentziak hilabete bukaeran hirugarren txertoa onartzea aurreikusten da.

Bitartean, baina, egoera berriz okertzen ari da eta zaintza intentsiboetako unitateak betetzen ari dira. "Atsedenaldi handirik ez dugu izan. Azaroan okertu zen, abenduan pixka bat arindu, baina etengabeko jarioan jarraitu genuen. Urtarrilean, berriz ere goraka kasuak", ohartarazi du Zubiak, eta zera galdetu du: "Denentzako tokia izango dugu?".

Horregatik, "osasunaren aldetik, neurri gogorragoak" behar ditugula esan du, hau da, "harremanak murriztuko dituzten neurriak". "Zenbat eta gehiago atzeratu neurriak, okerrago", gogorarazi du.