Gizartea -

KORONABIRUSA

Illa: "Gobernuaren helburua herritarren % 70 udarako txertatuta egotea da"

"Hirugarren olatua etxeko konfinamendurik gabe garaituko" dela iragarri du Espainiako Osasun Ministroak. Halaber, mugikortasuna murrizteko neurriek "babes legala" behar dutela gogorarazi du.

Salvador Illa aurreko agerraldi batean.
Salvador Illa aurreko agerraldi batean.
Covidaren kontrako txerto gehiago jasoko dituzte gehien txertatu duten erkidegoek

2:11

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salvador Illa Espainiako Gobernuaren Osasun ministroak prentsaurrekoa eman du larunbat goiz honetan, atzo covid-19aren inguruan bi gertakizun esanguratsu izan ondoren. Batetik, pandemia osoko kutsatze errekorra ezarri zen, 40.197 kasurekin egun bakarrean; bestetik, Pfizerrek datorren astean espero baino txerto gutxiago bidaliko dituela iragari zuen, bere faktorian egingo dituen obra batzuk direla medio. Lan horien ondoren, hori bai, datorren hilabeteetako produkzioa igo egingo du.

Espainia "oso egoera kezkagarrian" dagoela esanez hasi du Illak agerraldia, baina neurri egokiekin "hirugarren olatua garaitzea" lortuko dugula gaineratu du. Horretarako, baina, ez dute etxeko konfinamendurik aurreikusten.

Herritarren mugimendua mugatzen duten bestelako neurriak hartzeari buruz -etxeratze agindua 22:00etatik aurreratzea, adibidez-, Illak esan du ez dutela "ordu tarteak aldatzea baztertzen, jende guztiarekin hitz egin ostean", baina gogorarazi du herritarren mugikortasuna mugatzen duten neurri guztiak berme juridikoekin hartu behar direla, horrelako eskubide bat mugatzeko "legearen babes osoa" izan behar delako.

Pfizerren iragarpenari dagokionez, datuak eman ditu: Espainiak urtarrilaren 18an jaso behar zituen 360.000 dosien % 56 iritsiko dira, 205.725 dosi, zehazki; hurrengo astean, urtarrilaren 25ekoan, dagozkion 360.000ak gehi aurreko astean falta izan direnak helduko dira.

Atzo, azken orduan, eman omen zitzaien banaketaren berri autonomia erkidegoei, eta horretarako bi irizpide erabili dituztela azaldu du: "ekitatiboa" izatea, orain arte bezala, baina baita "garantista" ere, hau da, "lehen dosia jaso duten pertsonek bigarren dosia jasotzea bermatzea, 18tik aurrera".

Duela aste batzuk esandakoa berretsiz, "Espainiako Gobernuaren helburua herritarren % 70 udarako txertatuta egotea" dela esan du berriz ere Illa ministroak. Eta hori lortzeko behar den abiadura erdietsi dela jada defendatu du: "Dosien % 60 jarri dira eta egun bakarrean 90.000 pertsona txertatzera iritsi gara".

Hala, txertaketaren erritmoa "bikaina" dela defendatu du: "Espainia munduko 9. herrialdea da jarritako txerto kopuruari dagokionez, eta Europar Batasuneko lehenengoetakoa", bere datuen arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea