Itxi

Osasun etxea

KORONABIRUSA

Felix Zubia: "Neurriak orain arintzea akats izugarria izango litzateke"

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Donostia Ospitaleko ZIUko buruaren ustez, 50etik gorako guztiak immunizatuta, 18tik gorakoak gutxienez dosi batekin txertatuta, eta intzidentzia tasa onargarria izan beharko genuke neurriak arintzeko.

  • Felix Zubia

    Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko burua. Argazkia: EITB Media

    29:42 min
imagen player
imagen player
imagen player

Azken orduko ezusterik ezean, maiatzaren 9an amaituko da alarma egoera Espainian eta bertan behera geratuko dira horri lotuta ezarri diren mugikortasun murrizketak: etxeratze agindua, itxiera perimetralak eta talde handietan biltzeko debekua. Eskenatoki berrian, neurriei eusteko arazoak izango dituela iragarri du Eusko Jaurlaritzak, B plana prest izateko eskatu dio oposizioak eta autonomiek badituztela baliabide legalak defendatu du Espainiako Gobernutik.

Egoera honetan, Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak argi du ez dela neurriak arintzeko unea. "Noiz arindu ditzakegun neurriak? Txertaketa maila altua eta intzidentzia tasa onargarri izatea lortzen dugunean: 50etik gorako guztiak immunizatuta, 18tik gorakoen %70ak gutxienez dosi bat jasota eta intzidentzia maila onargarria dugunean -100.00 biztanleko 50/60tik behera-. Hori lortu bitartean, neurriak behar ditugu. Neurriak orain arintzea akats izugarria izango litzateke daukagun txertaketa mailarekin eta intzidentzia mailarekin (529). Badakigu zer gertatuko litzatekeen".

Gauzak horrela, ados jarri eta lege babes horiek bermatzeko eskatu die politikariei.

Egoerak oso larria izatean jarraitzen du, izan ere. Atzo bertan 95 ospitaleratu berri izan ziren EAEn, egun bakarrean, eta Zubiak iragarri du, horietako batzuk artatzea tokatuko zaiela, ziur aski, hurrengo asteetan. "Gaixotasun epe luzerakoa da, batzuk egun gutxitan buelta emango diote, baina beste batzuk denbora gehiago beharko dute. Datorren asteak lan askokoak izango dira eta berriz ere heriotzak ikustea tokatuko zaigu". 

Koronabirusarekin ZIUra iristen direnen %20 hil egiten direla azpimarratu du, berriz ere, Zubiak eta euren unitateetan gero eta gaztexeagoak artatu behar dituztela ohartarazi du: "50etik beherako dexente ditugu eta 60tik beherakoak ere bai".

Euskal Autonomia Erkidegoan, Gipuzkoak jarraitzen du okerren (700 inguruko intzidentzia tasa du), eta hauxe da Donostiako Zaintza Intentsiboetako unitatearen erradiografia: "Guk normalean 48 ohe ditugu ZIUn, guztira, eta orain, koronabirusagatik bakarrik 60ta piko ohe ditugu, eta beste ZIU oheak beste unitate batzuetan daude".

Gauzak horrela, neurriak arintzea "data zehatz bati lotuta ez", baizik eta "egoerari lotuta" egin behar dela berretsi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.