Publizitatea
Itxi

2021/06/13

11:14

Osasun etxea

KORONABIRUSA

Felix Zubia: "Itxura ona du kontuak, eta txertaketa azkarrari esker da, batez ere"

EIDER JAUREGI OIARTZABAL| EITB MEDIA

Azken aste honetan, "hobekuntza nabarmena" antzeman dute Donostia Ospitaleko zainketa berezietako unitatean, eta "zuhurtzia guztiaz esanda", baina itxaropentsu da Zubia.

  • Felix Zubia Donostiako Ospitaleko medikua EITB Mediaren artxiboko irudi batean.

    Felix Zubia Donostiako Ospitaleko medikua EITB Mediaren artxiboko irudi batean.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Azken aste hauetan ospitaleetako egoera "grisa" zela esan izan du Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko arduradunak Euskadi Irratiko "Osasun Etxea" saioan, bere iganderoko tartean. Gaur, ordea, "grisa argitzen hasi zaigu" iragarriz hasi du saioa; izan ere, benetako hobekuntza antzeman dute aste honetan euren unitatean: "Benetan, aste honetan guk hobekuntza dexente nabarmena antzeman dugu ospitaleetan. Ekainaren lehen 6 egunetan 12 paziente berri izan genituen, adibidez, gure ZIUan, eta aste honetan hori jaisten hasi zaigu. Kaleko intzidentziak nabarmen egin du behera, ospitaleratzeek ere bai, eta, batez ere, txertaketa azkarraren ondorio izan da hau".

Une honetan, 63 pertsona daude ZIUetan EAEn, iazko urriaren amaieran zegoen gaixo kritikoen antzeko kopurua, eta 11 Nafarroan.

Azken datuak ikusita, "itxura ona du kontuak", adierazi du Zubiak, "zuhurtzia guztiaz esanda".

Covid-19aren pandemia atzera egiten ari dela dirudien honetan, hiru gai nabarmendu ditu zaintza intentsiboetako medikuak.

Batetik, gaitza igaro dutenek ere zalantzarik ez dezatela izan txertoa jartzeko. Infekzio naturalak denbora luzerako babesa eman dezakeen arren, eta berkutsatzeak gutxitan gertatzen badira ere, txertaketak epe luzerako onura hori mantentzen laguntzen duela nabarmendu du, eta, beraz, pauta egokia zein den gogorarazi du: gaixotasuna pasa duten 65 urtetik beherakoek dosi bat jaso behar lukete infekzioa izan eta sei hilabetera, eta 65 urtetik gorakoek, bi dosi.

Bestetik, mundu mailako pandemia denez, etor daitezkeen aldaerak hor daudela eta adi egon beharra dagoela ohartarazi du. Erresuma Batua neurriak lasaitzeko erabakia atzeratzea aztertzen ari da, Delta edo aldaera indiarra dela eta.

Azkenik, prebentzioaren fokua "behar den tokian" jartzearen beharraz hitz egin du. Hondartzetan eta toki irekietan kutsatzeko arriskua ez dela handia azpimarratu du, eta, aldiz, espazio itxietan dagoela arriskua berretsi du. Horregatik, horiek ondo aireztatzeko eta toki itxietan elkarbizitza ezberdinetako unitateekin ez biltzeko eskatu du berriz ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;