Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

EiTB-Donostia Zinemaldia

EiTBk Zinemaldiarekin duen konpromisoa berritu du, beste urte batez

EiTB

Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak lankidetza hitzarmena sinatu dute asteazken honetan.

  • Jose Luis Rebordinos eta Maite Iturbe, akordioa sinatzen.

    Jose Luis Rebordinos eta Maite Iturbe, akordioa sinatzen. Argazkia: EiTB

EiTBk eta Donostia Zinemaldiak lankidetza hitzarmena berritu dute asteazken honetan, irailak 16, Kursaaleko Foyerrean izan den ekitaldian. Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak sinatu dute ituna. Hartara, Zinemaldiarekin duen konpromisoa berritu ondoren, aurten ere EiTBk Zinemaldiaren berri eman eta jarraipen handia egingo dio taldearen hedabide guztietan.

Irailaren 18tik 26ra bitartean izango den Donostia Zinemaldiari buruz berri emateko ahalegin berezia egingo dute ETBn, Euskadi Irratian,Radio Euskadin,Gaztean eta eitb.eus-en. Halaber, honako ekitaldiak eskainiko dira zuzenean ETBn eta eitb.eus-en: Inaugurazio Ekitaldia (irailaren 18an, 21:00etan ETB1en); Euskal Zinemaren Gala (hilaren 22an, 22:30ean ETB4n); Donostia Saria Emanaldia (irailaren 24an,18:00etan ETB4n) eta Amaierako Gala (26an, 20:30ean, ETB1en).

ETBko albistegiek egunero eskainiko diote arreta Zinemaldiari: zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte. Kazetari eta teknikari lantalde zabalak Donostiatik bertatik berri emango du bederatzi egunetan. "¡Que Me Estás Contando!"  saioak eta "Biba Zuek!" saio berriak ere Zinemaldiari erreparatuko diote. Berebat, "EiTB Kultura" saioan  zuzendari berrien atalean aurkeztuko den Limbo filmaz erreportajea eskainiko dute eta Ben Sharrock zuzendaria eta Irune Gurtubai ekoizlea elkarrizketatuko dituzte.

eitb.eus-ek gune berezia eskainiko dio eta streaming-ez emango ditu ekitaldi berezienak. Gainera, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ardatz nagusi izango dute Zinemaldia programazioan, eta elkarrizketak, erreportajeak, filmen analisiak, eta ekitaldi guztien kronikak bilduko dituzte albistegi eta eguneroko saioetan.

"Alardea" telesailaren estreinaldia, EiTB Galan

Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko EiTB Gala irailaren 23an izango da, Victoria Eugenia antzokian, 21:30ean. Bertan, David Pérez Sañudok zuzendutako "Alardea" telesailaren atal berezia estreinatuko da.

Udazkenean ETB1en estreinatuko den telesailak Amaiaren (Itziar Ituño) istorioa du oinarri. Haur eskolako irakaslea da Amaia, eta auzokide talde batekin batera, bere herriko jaietako alardean desfilatzeko eskubidearen alde borrokatuko da. Izan ere, eta, orain arte, gizonek bakarrik desfilatzen dute bertan. 25 urtez Euskadin errotuta egon den jai-desfile honen inguruan sortu den gatazkan inspiratuta, "Alardea"k gai unibertsalak eta gaurkotasun osoko gaiak planteatzen ditu, hala nola belaunaldien arteko talka, herri txikietan egiten den presio soziala, eta emakumeak gizonak duen errekonozimendu eta ikusgarritasun bera lortzeko egiten duen borroka.

Itziar Ituño aktoreaz gain, Carmen Climent, Klara Badiola, Iñigo Aranburu, Kandido Uranga eta German Alzarazuk osatzen dute aktore nagusien zerrenda.

Cristina Enean emanaldia, "La Noche De…" saioaren 25. urteurrena dela eta

Irailean bertan 25 urte beteko dituen "La Noche De…" saioak eta Felix Linares programako aurkezle eta Zinemaldian aspalditik jarduten den kazetari ezagunak protagonismoa berezia izango dute, aurten, Zinemaldian.

Alde batetik, irailaren 22ko Euskal Zinemaren galan omenaldi txiki bat egingo zaio "LND" programari, 25. urteurren hori dela eta. Felix Linares irrati eta telebistako aurkezle beteranoa ere izango da ekitaldian, jakina. Linaresek ez du urte bakar batean ere hutsik egin zinemarekin Donostian duen hitzorduan.

Bestalde, eta urtemuga berezi hori publiko guztiarekin ospatzeko, irailaren 24an Bram Stoker 's Dracula (1992) filma proiektatuko da Donostiako Cristina Enea parkean. "La Noche de…" saioak eman zuen lehen filma dugu, orduan ere Felix Linaresen beraren eskutik.

 

EiTBk babestutako 11 ekoizpen Zinemaldian

Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak nabarmendu nahi izan du COVID-19ak sortutako zailtasunei aurre egiteko Euskal Irrati Telebistak sektorearekin duen konpromisoa eta sektorea babesteko egiten ari den ahalegin handia.

Guztira EiTBk babestutako 11 ekoizpen izango dira aurten Zinemaldian, eta 11 ekoizpen horietatik Pablo Aguerok zuzendutako Akelarre filma Sail Ofizialean lehiatuko da.

Zinemira sailaren barruan, EiTBren parte hartzea duten 4 film izango dira: Nora (Lara Izagirre), El Drogas (Natxo Leunza), El Estado contra Pablo Ibar (Omo Figueredo) eta Non dago Mikel? (Amaia Merino/Miguel Angel Llamas). Lauok Euskal Zinemaren Irizar Sarietarako lehian sartuko dira.

"Alardea" telesailaz gain, David Perez Sañudok Anerekin parte hartuko du New Directors sailean. Imanol Rayoren Hil Kanpaiak ere emango dute zuzendari hasiberriei eskainitako sailaren barruan.

EiTBk parte hartutako euskal ekoizpenen zerrenda honako izenburuek osotzen dute: Arzak, since 1897 (Asier Altuna), Culinary Zinema sailaren inaugurazioan; La Isla de las Mentiras (Paula Cons), Made in Spain sailean; eta 918 Gau (Arantza Santesteban) WIP Europa atalean.