telebista
Alaves-Bartzelona
Errege Kopako finalari jarraipen berezia, gaur, EiTBn
A.A. | EiTB
'Beti Alavés' izenburupean programazio berezia egingo dute ETBk, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak. Eduki guztiak eskuragai izango dira interneten.
Deportivo Alavesek Bartzelonaren aurka gaur jokatuko duen Errege Kopako finalari jarraipena egingo diote EiTBko medioek datozen egunetan. 'Beti Alavés' izenburupean, telebista programa eta irratsaio bereziak egingo dituzte, eta eduki guztiak eskuragai izango dira eitb.eus-en.
Zuzeneko bost saio Euskal Telebistan
ETBko kirol taldeak lau saioa egingo ditu: ETB1en Jon Balentziaga Bilbotik eta Txemi Galarraga Madrildik izango ditugu aurkezle, ostiralean (22:15-23:00) eta larunbatean (21:00-21:30 eta 23:15-00:15). ETB2ko saio berezia Jose Ituartek gidatuko du Madriletik, larunbatean, 13:00etatik 14:00ak arte. Informazio zabala eskainiko dute: Alaves taldearen azken ordua, Madrilgo Cuña Verde parkean kokatuko den Araba Hirian eta Gasteizko Fan Zone-an bizi den giroa, eta Vicente Calderon futbol zelaiaren inguruan gertatzen dena.
Bestalde, larunbat arratsaldean, 18:15etik 21:00ak arte, ETB2n, Klaudio Landak eta Jose Ituartek aurkeztutako saioa izango dugu ikusgai ETB2n. Vicente Calderon futbol zelaiaren ondoan ezarritako set berezian hainbat gonbidatu hartuko dituzte, tartean, Iñigo Urkullu lehendakaria, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun nagusia, eta Javier Maroto, Alfonso Alonso eta Patxi Lazkoz alkate ohiak. Arabako gizarteko aurpegi ezagunek ere parte hartuko dute saioan: Unax Ugalde eta Laura de la Calle aktoreek, Diego Guerrero sukaldariak, Raul abeslariak eta Jito Silvestre futbolariak, besteak beste. 'El Programa de Klaudio' saioko zenbait solaskide ere hurbilduko dira Madrilera: Manuel Monje, Joseba Fiestras? Madrilen eta Gasteizen bizi den giroaren zuzeneko kontakizuna egingo dute programako erreportariek.
Finalaren atariko egunetan, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan tarte bereziak zabaldu dituzte hitzorduaren historia eta bitxikeriei buruzko erreportajeak eskaintzeko. Alaves taldearen prestaketari eta zaleei ere jarraipena egiten ari zaie.
Irratsaio bereziak
Larunbat goizean, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak, goizeko magazinetan, zuzeneko konexioak egingo dituzte Madrilekin, bertako giroaren berri jasotzeko.
Euskadi Irratian, 'Hiru Erregeen Mahaia' kirol saioa Madrilera begira izango da arratsalde eta gau osoan zehar. Haritz Gallastegi eta Maitane Urbieta bidali bereziek bai futbol zelaian eta baita zaleen gunean ere gertatzen den guztiaren berri emango dute.
Radio Euskadi eta Radio Vitoria elkarlanean arituko dira. Lehendabizi, atariko saioa egingo dute eguerdian, 13:00etatik 14:00etara, giroa berotzen hasteko. Ondoren, eguneko irratsaio nagusia egingo dute, 18:00etan hasi eta goizaldeko 01:00era arte. EiTBk Madrilen izango duen set berezitik, Emilio Pascualek gidatuko du saioa eta berriemaile sare zabala izango dute Madrilgo eta Gasteizko leku ezberdinetan banatuta, hitzordu garrantzitsuaren berri bertatik bertara eta zuzenean entzuleei emateko.
Eduki guztiak eitb.eus-en: on line emanaldiak, bideoak, audioak eta argazkiak
Errege Koparen finalari eskainitako webgune berezia du eitb.eus-ek, Alaves taldearen eta hitzordu garrantzitsu honen inguruko albiste, argazki, bideo eta kontakizunekin. Halaber, irrati eta telebista bidez egingo diren zuzeneko emanaldi guztiak on line jarraitzeko aukera eskainiko du.
Madrileko Fan Zone-ko ekitaldiak, EiTBren eskutik
Alavesen Kopako finalari jarraipen luze eta zabala egiteaz gain, EiTBk Madrilen babazorroen zaleen bilgune izango den Fan Zone-ko ekitaldien antolaketan parte hartu du. Oihan Vega Gazteako esatariak girotuko du gunea.