telebista
Kaixo 2021
Durangotik emango dio ongietorria 2021 urteari EITBk
EITB MEDIA
Sara Gandarak, Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak zuzenean gidatuko dute kanpaien zuzeneko emankizuna, ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.
Bizkaiko Durango herritik egingo du aurten EITBk Gabon Zaharreko kanpaien zuzeneko emankizuna. Sara Gandarak, Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik gidatuko dute zuzen-zuzenean "Kaixo 2021" saio berezia, gaur, ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en ikusgai izango dena.
Euskal kulturaren hiriburua da Durango; sortzaileentzat leku kuttuna eta herritarrentzat urteroko ezinbesteko hitzordua bilakatu dena. Mundu-mailako pandemia batek kolokan jarri duen arren, aurten ere ospatu da 55. Disko eta Liburu Azoka, kulturgileen ahaleginari eta herritarren erantzunari esker. Horregatik, Durangotik zuzenean arituko dira ETBko hiru aurkezle ezagunak 2020 berezi honi agur esan eta 2021ari ongietorria emateko.
Gabon Zahar gauean ez da faltako sorpresarik. Aurten, Xabier Lete hil zela 10 urte bete diren honetan, Mikel Urdangarin abeslariak eta Itziar Ituño aktoreak omenaldi berezi eta hunkigarria eskainiko diote poeta oiartzuarrari, Plateruena Kafe Antzokitik.
Kanpaien aurretik, saio bereziak ETB1n eta ETB2n
21:30ean, "Jai Lebel" saio berezia aurkeztuko dute Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak. Bertan, "Barre Librea" saioaren bakarrizketarik onenak bilduko dituzte.
Bestalde, ohikoa bihurtu den legez, kanpaien zuzeneko emanaldiaren aurretik, Zuhaitz eta Pagadiren abenturekin gozatzeko modua izango da ETB1en. "Herri Txiki, Infernu Handi" saioko bi gidariek komeria dibertigarriak izango dituzte eta kanpaiak zuzenean emateko lekura garaiz iristea lortzeko, herritar berezienen laguntza izango dute. Gaueko 23:00etatik aurrera, "Biba Durango!" saioan.
ETB2n, aldiz, gaueko "Teleberri" albistegiaren ostean, "Vaya Nochevieja" berezia izango da ikusgai. "Vaya Semanita Xtream" saioko Maribel Salas, Iker Galartza, Miriam Cabeza, Andoni Agirregomezkorta eta Lorea Intxausti aktoreek gaurkotasunari lotutako esketx dibertigarriak ekarriko dizkigute.
Gainera, kanpaien aurretik "Una canción para Nochevieja" musikal berezia emango du ETB2k, Julian Iantzik aurkeztuta. Bertan, pandemiaren aurka jo eta ke borrokan ari diren hainbat talde izango dira protagonista nagusiak.
Honakoak izango dira parte hartuko duten protagonistetako batzuk: Bastidako Solaguen upategiko ardogileek Joan Baezen Gracias a la vida abestuko dute; Orioko Arraun Taldeko neskek Aldapan Gora; Gipuzkoako Garraiolarien Elkarteak Lau teilatu; Donostialdeko garbiketa zerbitzuak Din dan don Urte Berri On!; Zorion Egileor, Asier Oruesagasti, Miren Arrieta, Miren Gojenola eta Ander Azurmendi aktoreek Xalbadorren heriotza; Andoni Martinez tenoreak Imagine; Bilbotxeros musika taldeak Bilboko tabernariekin batera No puedo vivir sin ti abestuko du; Eibarko Gazte Koroak Xabier Lete eta Lourdes Iriondo omenduz Izotz ondoko eguzki abestuko du; Getariako arrantzale eta saregileek Un velero llamado libertad; Ikerbasqueko laborategiko teknikariek Esperantzara kondenatua abestuko dute; eta Gasteizko musika Eskolako irakasle eta ikasleek Elurra teilatuan.
Eta ondoren, musika barra-barra
Kanpaiak amaitutakoan, Zuriñe Hidalgok aurkeztuta, "Go!azen" telesaileko aktoreekin eta euskal musikari eta kantari ezagunekin osatutako "Go! 2021" ikuskizuna emitituko dute ETB1k eta eitb.eus-ek.
ETB2n eta eitb.eus-en, ostera, Mexiko inguruko doinu alaiak ekarriko dituen "Ongi Etorri 2021" saioa izango da ikusgai, urtea dantzan has dezagun. Iruñeko Navarrra Arenan grabatutako programak Mexikoko doinu, dantza, kolore eta alaitasunari egingo die tokia gau berezi honetan. Oholtza gainean Los Tenampas y el Mariachi, Puro Relajo, Chuchín Ibañez, Serafín Zubiri, Bruno Jimenez eta Lorena Jimenez arituko dira mexikar dantzari, konga, tronpeta eta mexikar kapela artean. Ohiko eta ezagunak diren mexikar kantak eta doinu alaiak eskainiko dituzte.
Urtearen hasiera ere entretenimendu onenarekin
Musikak eta zinemak tarte zabala izango dute urte hasiera honetan ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.
Urteberri-egunean, "Oholtzan"en bi saio berezi emango dira. 21:45etik aurrera, Pozalaguako kobazuloan (Karrantzan) taularatu zen "Harria" ikuskizuna emango da ETB1en eta eitb.eus-en Ilaski Serranok aurkeztuta. Mulixka dantza taldea eta Iñaki Perurena harri-jasotzailea izango dira protagonista.
Ondoren, 22:50ak aldera Durangoko 25. Txistu Ekitaldia emango da "Oholtzan" saioaren baitan. Silboberri Txistulari Elkarteak (Durango), aurten ere Euskal Herriko txistulariak biltzen dituen Txistu Kontzertua egingo du Durangon; aurtengoan, gainera, 25. urteurrena ospatu dute.
ETB2n, ostera, zinema izango da nagusi "La Noche De…" saio berezi batekin. 21:50etik aurrera Misión Imposible: Fallout filma eskainiko du Felix Linaresek gidatutako saioak. Horrekin batera, zinema munduarekin lotutako beste hainbat atal ere eskainiko dituzte, hala nola "Los propósitos de Año Nuevo de Tom Cruise" edota "Rodajes Imposibles".