Itxi

Baserria

Baserria

Baserria

Final handia

Asier eta Tania, "Baserria" saioaren bigarren edizioaren bikote irabazlea

EITB Media

Beraiek irabazi dute 6.000 euroko txekea. Urkiren eta Luciaren aurka aritu dira finalaren bigarren fasean; Edurne eta Goiko lehen fasean gelditu dira kanpoan.

2:09
Asier eta Tania 6.000 euroko txekea eskuetan eta buruan txapelak dituztela

Asier Alegria Bermeoko baserritarrak eta Tania Llanos Gasteizko kaletarrak osatzen duten bikoteak irabazi du "Baserria" saioaren bigarren edizioa. Talde gorriko kideek 6.000 euroko txekea eta txapel bana eraman dute sari gisa Jexux Mari Ormaetxea "Urki"ren eta Lucia Garmendiaren aurka irabazitako finalean. Edurne Arribillaga eta Markel Goikolea "Goiko" gelditu dira hirugarren, finalaren lehen fasean azkenak izan baitira.

Finaleko probaren lehen fasean, honako probak egin behar izan dituzte: kaiola bakoitzetik bina oilo atera eta itxituran sartu, materiala hartu eta txerrien eremura eraman, pasabidea eraiki eta bina txerri itxituran sartu, bi belar bola eta hiru fardo garraiatu, haiekin dorre bat egin, haren gainera igota giltza hartu eta harekin traktorea martxan jarri. Asierrek eta Taniak lortu dute lehenik lehen fasea amaitzea, eta Urkik eta Luciak bukatu dute ondoren. Beraz, Edurne eta Goiko finaletik kanpo gelditu dira horrela, eta hirugarren postua lortu dute.

Bigarren fasean, bi bikote aritu dira elkarren aurka lehian: Asier eta Tania, batetik, eta Urki eta Lucia, bestetik. Proba hauek egin dituzte finalistek: fardoz egindako horma bat desegin dute traktorearekin fardoak banan-banan kenduta, behiak jetzi dituzte lau botila esnez bete arte, marmitak trontza dagoen tokiraino garraiatu dituzte, trontzan 15 kilo egur moztu dituzte eta, azkenik, fardoz betetako orga helmugaraino eraman eta joarea jo dute. Asierrek eta Taniak jo dute joarea, eta, beraz, horiek irabazi dituzte 6.000 euroko txekea eta irabazleen txapelak.