Bitxikeriak -

Txina

57 solairuko etxe orratz bat 19 egunetan eraikitzea lortu dute Txinan

Broad Sustainable Building eraikuntza enpresak eraikin altuak egin ohi ditu denbora gutxian. Kasu honetan, egunero hiru solairu altxatu dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Broad Sustainable Building Txinako eraikuntza enpresak 57 solairuko etxe orratz bat altxatzea lortu du 19 egun eskasetan. Erakina Changsha hirian jaso dute, Txinako erdialdean, konpainiak bere webguneak jakinarazi duenez.

Time-lapse teknika erabilita eraikuntza enpresak zabaldutako bideoan ikus daitekeenez, egunero hiru solairu eraiki zituzten langileek.

186.000 metro koadroko azaleran, 800 apartamentu eta 4.000 lagunentzako bulegoak izango ditu eraikinak. Konpainia abila da eraikin altuak arin egiten.

2010ean, 15 solairuko hotel bat eraiki zuen 48 orduan, eta 2011n, 30 solairuko beste hotel bat altxatu zuen 15 egun eskasetan.

Zhang Xianmin enpresako arkitektoak argitu duenez, moduluak erabilita altxatzen dituzte eraikinak. Metodo hau erabilita, arin eraikitzeaz gain, ingurugiroa gehiago zaintzen dute, "porlan gutxiago -15.000 bat kamioi- erabiltzen dugulako". Arkitektoak azaldu dutenez, "ia ez dugu hautsik botatzen, eta hori Txinan oso garrantzitsua da, kutsaduraren arazoa handia baita".

Munduko etxe orratz handiena egin nahi du orain Broad Sustainable Building konpainiak, 220 solairukoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Txina argazkiak