Bitxikeriak -

Komuna urrezkoa da

Trumpek Van Gogh bat eskatu du New Yorkeko Guggenheimen, eta komun bat eskaini diote

"Landscape with snow" izeneko koadroa eskatu zuen, mailegu gisa, Etxe Zurirako, baina ezinezkoa da; izan ere, Bilbora bidaliko dute, Bizkaiko hiriburuko Guggenheim Museoan erakusteko.

New Yorkeko Guggenheimek urrezko komun hau eskaini zion Trumpi. Argazkia: France Press.
New Yorkeko Guggenheimek urrezko komun hau eskaini zion Trumpi. Argazkia: France Press.
New Yorkeko Guggenheimek urrezko komun hau eskaini zion Trumpi. Argazkia: France Press.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Vincent Van Gogh margolari holandarraren koadro bat eskatu zion New Yorkeko Guggenheim Museoari, Etxe Zurian izateko, baina arte-erakundeak ezezkoa eman zion; izan ere, koadro hori Bilboko Guggenheim Museora ekarriko dute, Bizkaiko hiriburuan erakustea xede. Horren ordez, New Yorkeko museoak urrezko komun bat eskaini zion Trumpi; komun horrek AEBko aberastasuna satirizatzen du.

The Washington Post egunkariak jakitera eman duenez, Trumpek "Landscape with snow" koadroa eskatu zuen. 1888an margotu zuen Van Goghek koadro hori, eta kapela beltza duen gizon bat agertzen da bertan; Arleseko bide batean dago gizona, Frantziako hegoaldean (Van Gogh bertan bizi zen).

Dena den, museoak ezezkoa eman zion Trumpi. Nancy Spector arte-zuzendariak azaldu zion beste artelan bat zuela eskuragarri: "Amerika" izena duen urrezko komun bat, hain zuzen. Komun hori satira da, AEBn dagoen gehiegizko aberastasunaren gaineko satira. Van Goghen koadroa, Trumpek eskatutako hori, ondorengo hilabeteotan Bilbora bidaliko dute, Bizkaiko hiriburuko Guggenheim Museoan erakusteko.

Komunaren urreak milioi bat dolar baino gehiago balio du

New Yorkeko Guggenheim Museoak urtebetez erakutsi du Maurizio Cattelan artista italiarraren "Amerika" artelana; milioi bat dolar baino gehiagoko balioztatzea du, eta museoko bosgarren solairuan izan da, bainugela publiko batean. Bisitariek erabili ahal izan dute.

Orain, aldiz, erakusteka hori amaitu da, eta komuna eskuragarri dago, "presidenteak eta lehen damak Etxe Zurian jartzeko interesa badute", idatzi zuen Nancy Spector arte-zuzendariak posta elektroniko batean, aurreko irailean.

"Jakina, balio handikoa da, eta pixka bat hauskorra ere bai, baina Etxe Zurian instalatu eta zaintzeko jarraibideak emango genituzke", gehitu zuen Spectorrek (iraganean, Trump kritikatu zuen berak). Artistak, halaber, esana omen zuen gustatuko litzaiokeela komuna Etxe Zurian egotea, "epe luzerako mailegu gisa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bitxikeriak Nazioarteko albisteak Bilboko albisteak Guggenheim museoa Ameriketako Estatu Batuak albisteak Artea albisteak Kultura Gaurko azken ordukoa Donald Trump Melania Trump