Fagor -

Fagor Etxetresnak

Tapiak lasaitasuna eskatu du Catak bere proiektua garatzeko

Bestalde, Basauriko Edesa lantegiko langile ohiek kontzentrazioa egingo dute igandean lantegiaren atarian.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak "denbora" eta "lasaitasuna" eskatu du Cata enpresa kataluniarrarentzat "Fagor Etxetresnak izan zenaren gainean" dituen proiektuak gauzatzeko.

Edesako langile ohiek kontzentrazioa egingo dute igandean Basauriko lantegiaren atarian, fabrika itxi eta urtebetera, bertan lan egiten zuten 200 langile horietatik gehienak langabezian daudelako.

Tapiak iragarri duenez, epaileak atzera bota du Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak jarritako helegitea, eta beste helegiterik jartzeko aukerarik ez dagoenez, "Cataren esleipena behin betikoa da".

Catak "proiektu zehatzak ditu Fagor Etxetresnaken fabrika bakoitzerako eta baita konfort lerro osorako ere, ez Edesarako bakarrik", izan ere, konfort linearekin lotuta Bergaran beste lantegi bat dagoela azpimarratu du Tapiak.

Bestalde, aurreikusita dituen ideiak gauzatzeko Catari denbora eman behar zaiola aldarrikatu du Tapiak. Horren esanetan, lan egiten utzi behar zaio enpresa kataluniarrari, izan ere, "prozesu zaila izango da: lantegi asko berriz ere martxan jarri behar dira eta hori guztia berriz ere merkatuan jarri". "Lasai lan egiten utzi behar diogu, eta gauzatu dezala lehiaketan aurkeztu zutena", gaineratu du.

Antxoaren eta hegaluzearen kuota banaketa

Hegaluzearen kuota aurten banatzea aurreikusten bazen ere, azkenean 2015era atzeratu da eta, horren ondoren, antxoaren kuota banaketa eztabaidatzen hasiko dira.

Arantza Tapia sailburua Isabel Garcia Tejerina Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministroarekin elkartu da aste honetan eta gaur bilera horren berri eman du. Tapiak azaldu duenez, hegaluzearen kuota banaketa aurten egiteko "denbora luzez" lan egin dute, baina azkenean ez da posible izan . Dena den, elkarrizketarako "borondatea" dagoela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Fagor