Krisi Ekonomikoa -

Kooperatiba

MCC eraldaketan murgilduko da Fagorren eta Eroskiren krisia dela eta

Talde kooperatiboaren zutabe nagusiak krisian daude, eta Txema Gisasola presidenteak dimisioa eman ostean, MCCk proiektua berritu beharko du.

MCCren egoitza. Argazkia: MCC
MCCren egoitza.
Txema Gisasolaren dimisioak hausnarketareko epea zabaldu du

1:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Korporazioa ez dago arriskuan. Etorkizuna duen proiektua da". Horixe adierazi zuen duela bi hilabete eskas Txema Gisasolak, atzo arte MCC Mondragon Kooperatiba Taldearen presidenteak. Orain, Fagor Etxetresnakek eta Eroskik krisi larria bizi dute, eta taldearen bi zutabe nagusiak izanik, proiektua berritu beharko du MCCk.

MCC munduko kooperatiba talde handiena da, EAEko industria talde handiena eta Espainiako Estatuko zazpigarrena. Gainera, 2008an sortutako krisitik kolokan dagoen sistema liberal kapitalistaren alternatiba irudikatzen du taldeak, ekonomia sozialean oinarrituta dagoelako.

Atzeraldiak, ordea, ez du taldea aparte utzi eta 60 urteko historian inoiz izan ez diren bi ezusteko gertatu dira: Fagor Etxetresnak (taldeko enpresa handiena) hartzekodunen konkurtsoan sartu da, eta presidenteak dimisioa eman du.

Txema Gisasolak atzo aurkeztu zuen dimisioa "arrazoi pertsonalak" argudiatuta, eta urte eta erdiz soilik agindu eta gero. Gisasolak 2006tik 2012ra zuzendu zuen Fagor, enpresaren beherakada izan zen garaian, eta MCCren presidente gisa bizi izan du konpainiaren azkena.

Debagoieneko taldean 110 kooperatiba daude, sektore askotakoak, eta 2012an 13.000 milioi euroko diru-sarrerak eta 80.000 langile zituzten.

Enpresa-taldearen ondareak EAEko Barne Produktu Gordinaren % 3,2 hartzen du, eta negozioen dibertsifikazioan oinarritu du arrakasta. Hori horrela, oraindik indartsu dagoen automozioak krisiari aurre egiten lagundu dio.

Fagor Etxetresnaken barruan dauden negozio batzuen bideragarritasuna aztertzen den bitartean (Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek laguntza eman dute confort atalerako), MCCk elkartasun sistema jarri du abian, Fagorreko 400 bazkide beste eremu batzuetako lanpostuetan jarri ditu, eta gauza bera egingo du sei hilabeteko epean.

Eroski

Era berean, MCCren beste zutabeetako bat, Eroski, oso egoera larrian dago, 2.500 milioi euroko zorra negoziatzen. Gainera, Eroskiren irudia ere ez dago bere onenean, 2002ko saldu zituen menpeko ekarpenen aferagatik.

Eroskik milioi bat bezero ditu egunero, eta 38.420 langile (horietako 12.260 bazkide). Duela hamarkada bat hedatzeko prozesua abiatu zuen, eta Capraboren dendak erosi zituen, besteak beste.

Hedatzeko politika horren ondorioz, 3.600 milioi euroko zorra pilatu zuen, eta dirua lortzeko, 660 milioi euro saldu zituen ekarpenetan.

Aurreko ostegunean, Gisasolak dimisioa eman aurreko egunean, Eroskik akordioa lortu zuen banketxeekin, ekarpenak egin zituztenek diruaren zati bat berreskuratu ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Fagor albisteak Mondragon korporazioa argazkiak Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak