Krisi Ekonomikoa -

Estatuan denek gainditu dute

Europako 25 bankuk kale egin dute EBZko kaudimen probetan

Kutxabank Estatu Espainiarrean kaudimen zabalena duen bankua da. Europako Banku Zentralak ebaluazioa egin die Euroguneko bankuei, 2013 amaierako balantzeetan oinarrituta.

EBZ
EBZ
Euroguneko 25 banku ez dira azterketa gainditzeko gai izan

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Banku Zentralak (EBZ) 25.000 milioi euroko defizita atzeman du Euroguneko 25 bankutako kapitalean, baina horietatik 12k defizita kendu egin dute, 2014an 15.000 milioi euro sartuta.

EBZk jakinarazi duenez, bankuen aktiboen balioa 48.000 milioitan doitu behar da, eta horietatik 37.000 milioi eurok ez dute defizita eragiten kapitalean.

Gainera, erakundeak Euroguneko 128 banku ikuskatuko ditu azaroaren 4tik aurrera, baina hori baino lehen gaur zabaldutako ariketa egin du, 2013 amaierako balantzeetan oinarrituta, aktiboen kalitatea berraztertuta eta erresistentzia proba eginda.

Kutxabank euskal bankua Estatu Espainiarrean kaudimen zabalena duen bankua da, kapitalaren % 11,9ko superabita lortuta, estres proben arabera.

Tarterik txikiena duten entitateak, berriz, Liberbank eta Banco Popular dira. Bankuon kapitalen superabita % 5,6ean eta % 7,6ean legoke, hurrenez hurren, egoerarik okerrenean izanez gero.

Kontrako muturrean, superabit handiena eta hortaz kaudimen handiena duten bankuak honakoak dira: Kutxabank, % 11,9rekin; Bakinter, % 11rekin; CFA-Bankia, % 10,3rekin; CaixaBank, % 9,3rekin eta NCG (orain Abanca) % 9,1ekin.

Ondoren, BBVA (% 9) eta Banco Santander eta Unicaja (% 8,9 biek) ageri dira zerrendan.

Italian, defizitik handiena

EBZk kapitalaren defizitik handiena Italian (9.700 milioi euro), Grezian (8.700 milioi), Zipren (2.400 milioi), Portugalen (1.100 milioi), Irlandan eta Austrian (900 milioi), Belgikan (500 milioi), Alemanian (200 milioi) eta Frantzian eta Eslovenian (100 milioi) atzeman du .

Halere, 25 banku horietatik dozena batek (horien artean, Münchener Hypothenkenbank alemaniarra eta Caisse de Refinancement frantziarra) 15.000 milioiko defizita estali dute, 2014ko lehen sei hilabeteetan. Liberbanken kasuan, 30 milioiko defizita ezarri diote probetan, baina 640 milioirekin konpondu du.

Kapital gehiagoren beharrean dauden bankuek hartuko dituzten neurrien berri eman beharko diote EBZri, eta horretarako bi asteko epea eman diete. Ondoren, sei eta bederatzi hilabete arteko epea izango dute, kapitalaren defizita gainditzeko.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Batasun europarra Kutxabank Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Italia Europako Banku Zentrala