Krisi Ekonomikoa -

Langabezia eta pobrezia

Diru-sarrerak bermatzeko errenta 'sendotzea' eskatu du Legebiltzarrak

Horrela, “murriztu nahi dutenen” aurrean babes sozialeko sistema hobetzeko konpromisoa hartu du Gasteizko Ganberak. Osoko bilkurak 149 proposamen eztabaidatu eta bozkatu ditu.

Langabezia eta pobreziaren inguruko osoko bilkura monografikoa Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Langabezia eta pobreziaren inguruko osoko bilkura monografikoa Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Langabezia eta pobreziaren inguruko osoko bilkura monografikoa Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diru-sarrerak bermatzeko errenta, Etxebizitzaren Diru-laguntza Osagarria (PCV) eta Larrialdi Sozialeko Laguntzak (AES) “murriztu nahi dituztenen” aurrean babes sozialeko sistema hobetzeko eta “sendotzeko” konpromisoa hartu du Eusko Legebiltzarrak.

EAEko pobrezia maila % 5,9raino igo da aurten, hau da, 127.400 herritar daude egoera horretan. Duela sei urte % 4,2koa zen tasa hori, eta % 5,3koa, 2012an. Araban hazi da gehien txiro kopurua, % 8raino.

Horrela, talde politikoek langabeziaren eta pobreziaren osoko bilkura monografikoan aurkeztutako 149 proposamenak eztabaidatu eta bozkatu ditu Eusko Legebiltzarrak. 50 bat ebazpen onartu dituzte.

Besteak beste, PSE-EEk eta UPyDk aurkeztutako transakzio-zuzenketa onartu du Ganberak aho batez. Babes sozialeko sistema “erabiltzeko alderdien edozein saiakera” arbuiatu du Legebiltzarrak, eta sistema hori sendotzeko konpromisoa hartu du.

“Orokor bihurtzeko, kolektiboak iraintzeko edo premia duten herritarrak aurrez aurre jartzeko” saiakerak errefusatu ditu Ganberak, “babes sozialeko sistema murriztu eta ahuldu nahi dutelako”.

Alderdi guztien babesa jaso dute ekimenek, baita PPren babesa ere, nahiz eta azken asteetan eta saioetan gainerako alderdien kritikak jaso, diru-sarrerak bermatzeko errenta moldatzeko egin dituen proposamenegatik.

Baztertuak

Babes sozialeko sisteman “gaur baztertuak daudenak” barneratzeko eskatu dio Ganberak Gasteizko Gobernuari zuzenketa berdinean, baina EAJren kontrako botoarekin eta PPren abstentzioarekin, langabeziako diru-laguntzarik gabe geratu direnak esaterako.

Era berean, EAJk egindako proposamen bat onartu du Legebiltzarrak. “Diru-laguntzak jaso ahal izateko baldintzak” berriz aztertzeko eskatu du Ganberak, “onuradunak izan daitezkeen kolektiboengan eta pertsonengan ondorio kaltegarriak” izan dezaketelako.

Bestalde, diru-sarrerak bermatzeko errentaren urteko zenbatekoa (7.000 euro) gainditzen ez duen bigarren etxebizitza baten balioa diru-laguntza ukatzeko argudio ez izatea eskatu dute alderdi guztiek, PPk izan ezik. Kasu honetan, laguntza jasotzeko diru-sarrerarik ez izatea ezinbestekoa da.

Ospitaletako edo osasun mentaleko zentroen pazienteak

Ospitaletan edo osasun mentaleko zentroetan hilabete bat baino gehiago ematen duten pertsonei diru-sarrerak bermatzeko errenta bertan behera ez uztea eskatu dute. Zentzu horretan, epea hiru hilabetekoa izatea eskatu dute pobrezia ez areagotzeko.

Bestalde, lan kontratua indarrean duten, baina enpresek soldata ordaintzen ez dieten pertsonei diru-sarrerak bermatzeko errenta ematea adostu dute alderdiek, behin lan-arloko epaitegian salatu dutenean.

Azkenik, “Eusko Jaurlaritzak bultzatutako murrizketa bidegabe eta kaltegarriak” arbuiatu ditu Legebiltzarrak, EAJren babesik gabe. “Ongizate Estatua, hezkuntza eta osasun publikoa, eta baita diru-laguntza sozialak ere, sendotzeko” eskatu diote Exekutiboari, “krisi ekonomikoa gehien nozitzen duten herritarrei baliabide publikoak bideratuz, lehentasuna direlako”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Dirulaguntzak