Krisi Ekonomikoa -

Aurreikuspenak

2015ean 17.000 lanpostu sortuko direla espero du Confebaskek

Gainera, Miguel Angel Lujua buru duen patronalaren arabera, % 1,9ko hazkundea izango da EAEn datorren urtean.

Miguel Angel Lujua COnfebasken presidentea. Argazkia: EiTB
Miguel Angel Lujua COnfebasken presidentea.
2015ean 17.000 lanpostu sortuko direla aurreikusi du Confebaskek

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Confebask patronalak % 1,9ko hazkunde ekonomikoa aurreikusi du datorren urterako EAEn, 2007tik izango den hazkunde handiena, eta horrekin batera 17.000 lanpostu sortzea espero du, Miguel Angel Lujua patronalaren presidenteak jakitera eman duenez.

Patronalaren presidenteak egoera ekonomikoari buruzko txostena aurkeztu du, eta EAEko ekonomiaren 2014ko balantzea eta datorren urterako aurreikuspenak aztertu ditu bertan.

Txostenaren arabera, argiak dira dagoeneko susperraldi ekonomikoaren zantzuak: adibidez, % 11 igo da enpresa ertain eta txikien finantziazioa eta 10.000 lanpostu inguru sortu behar dira aurten.

2015eko hazkundea apala izango omen da 2015ean. Izan ere, % 1,9ko hazkundea aurreikusi du patronalak, euskal industriaren gorakadari esker bereziki, % 2,5ko igoera espero baita sektore horretan, barne eskariari eta kanpoko salmentei esker.

Hala eta guztiz ere, Lujuak gogorarazi du euskal industriaren ekoizpena % 80ean dagoela oraindik, 2007an krisia hasi aurreko mailarekin alderatuta.

Zerbitzuena izango da beste sektore indartsuena, % 2ko igoerarekin, eta eraikuntzarenak jaisten jarraitzen du, baina % 0,5 besterik ez.

Enplegua

Hobekuntza lan merkatuko zenbakietan islatuko omen da: aurten 10.000 pertsona gehiago egongo dira Gizarte Segurantzan, eta datorren urterako beste 17.000 espero dira. Hori horrela, langabezia % 1 jaitsi eta 2015eko bukaeran % 13,5ean geratuko dela aurreikusi du Confebaskek.

Bada zerbait, baina "ez asko", 168.000 langabe dagoela kontuan izanda, Lujuak aitortu duenez. Enplegu berri horien kalitateaz galdetuta, patronalaren presidenteak esan du ekonomia suspertzen joaten den heinean hobetuko dela.

Susperraldia egonkortzeko, EAEko patronalak hainbat aholku helarazi dizkie gobernuei eta enpresei. Lehenengoei pizgarriei eusteko eskatu die, auto edo etxetresna berriak erosteko neurriei adibidez.

Bigarrenei, berrikuntzan sakontzeko, finantziazio erraztasunak aprobetxatzeko, elkarlanean aritzeko eta handitzeko aholkatu die Confebaskek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa munduan gaur Confebask bideoak