Ekonomia -

1.000 agentetik gora

Inoizko segurtasun neurririk handienak Bilbon ekonomia foroa dela eta

UGT, CCOO eta USO sindikatuek manifestzioa egin dute, 'Stop austericidy-FMI Pikutara!' lelopean. 20:00etan, harrera ekitaldia egingo diete partehartzaileei.

Ertzaintza hiriko segurtasunaz arduratuko da; Polizia Nazionala partehartzaileen segurtasunaz. EFE
Ertzaintza hiriko segurtasunaz arduratuko da; Polizia Nazionala partehartzaileen segurtasunaz. EFE
Dena prest dago Bilbon Euroguneko Foro Ekonomikoa abiatzeko

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak, beste poliziekin elkarlanean, Bilbon inoiz ikusitako segurtasun operatiborik handiena antolatu du bihar, astelehean, egitekoa den ekonomia foroa eta horren kontrako protestak direla eta.

Goi-bileran, Juan Carlos erregea Cristine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jerome Dijsselbloem Eurotaldeko presidentea izango dira, besteak beste.

Mila polizia inguru izango da; Ertzaintza hiritar segurtasunaz arduratuko da eta Polizia Nazionala gaurtik aurrera iritsiko diren agintariak babesteaz. Hoteletan, halaber, operatibo berezia izango da zaintza egiteko.

Topaketa berezi horren aurrean, zenbait eragile sozialek, sindikatuk eta EH Bildu alderdiak kalean protesta eta manifestazioak egingo dituztela iragarri dute.

'Troika Go Home'

ELAk, LABek eta beste 50 gizarte eragilek deia egin dute datorren goi-bilera ekonomikoaren aurka antolatu duten manifestazioan parte hartzeko. "Erregeak, multinazionalek eta foro horretan izango diren gainerako erakundeek argi izan behar dute Euskal Herrian ez direla ongietorriak", nabarmendu du aste honetan Adolfo 'Txiki' Muñozek (ELA) eta Ainhoa Etxaidek (LAB).

'Troika Go Home' lelopean, sindikatu abertzaleek bi manifestazio deitu dituzte biharko, 10:00etan lehendabizikoa Jesusen Bihotzetik aterako da, eta bigarrena, Arriaga Plazatik; bi martxak Moyua Plazan elkartuko dira, eta handik Guggenheim Museora joango dira.

Ainhoa Etxaidek goi-bilera horretan parte ez hartzeko eskatu die euskal erakundeei, eta gogoratu die foro horrek ez duela "gizartearen babesa". Langileei, berriz, kalera ateratzeko eta protestetan parte hartzeko dei egin die. "Troika eta foro horretan izango diren erakundeak, banketxeak eta multinazionalak prekarietatearen, pobreziaren eta eskubide-murrizketen erantzuleak dira", azpimarratu du.

Poliziak nonahi

Hori guztia kontuan hartuta, Ertzaintzak hiru helburuko dispositibo bat antolatu du, "goi-bilerako egitaraua antolatzaileek antolatutakoaren arabera betetzeko segurtasuna bermatzeko, aurretik baimena eskatu duten kolektiboen manifestaziorako eskubidea bermatzeko eta ohiko jarduerak egin nahi dituzten hiritarren" segurtasuna ere bermatzeko.

Operatiboan, polizia indarrek elkarrekin egingo dute lan, bakoitzak dagozkion eskumenen neurrian; horrela, Ertzaintza, Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Bilboko Udaltzaingoa elkarlanean arituko dira.

Igandeko manifestazioa

Milaka eta milaka lagunak "austeritate politiken eta murrizketen" kontra manifestatu dira Bilboko kaleetan zehar, eta "astakeriatzat" jo dute Guggenheim Museoan egitekoa den ekonomia foroa.

Manifestazioak, Euskadiko CCOO, UGT eta USO sindikatuek deituta, Sindikatuen Europako Konfederazioaren babesa jaso du. Konfederazioak 35 herrialdetan afiliatutako 60 milioi langile batzen ditu eta Jozef Niemiec, idazkari nagusia, bertan izan da.

Halaber, Jose Antonio Pastor eta Txarli Prieto PSE-EEko Bizkaiko eta Arabako idazkari nagusiek, hurrenez hurren, protestan parte hartu dute  'Stop austericidy-FMI Pikutara!' leloa zeramatzan pankartaren atzean, Ezker Batua eta Ezker Anitzako alderdiekin batera.

Martxaren hasieran, Jozef Niemiec Sindikatuen Europako Konfederazioaren idazkariondokoa "Troikak proposatutako austeritate neurrien" kontra azaldu da, eta inbertsio plan baten alde egin du "kalitatezko enpleguak eta obra publikoak egiteko, ekonomia suspertzen laguntzeko".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea