Ekonomia -

2014-2015

Espainiaren aurreikuspen ekonomikoak hobetu ditu OCDEk

Espainiako ekonomiak aurten % 1eko hazkundea izango duela iragarri du Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak. 2015ean % 1,5 haziko dela erantsi du erakundeak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako ekonomiaren perspektibak hobetu ditu OCDEk, bai aurtengoak zein datorren urtekoak. Hala ere, Espainiako Gobernuak egindako aurreikuspenak ez ditu gainditzen, guztiz kontrakoa. Horregatik, lanpostuak sortzeko laguntza berriak eta hezkuntza eskatu ditu, batez ere epe luzeko langabeen kasuan.

Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak seihilekoaren txostena argitaratu du gaur. Espainiako ekonomiak aurten % 1eko hazkundea izango duela iragarri du, azaroan aurreikusitakoaren bikoitza. 2015ean % 1,5 haziko dela erantsi du erakundeak.

Iragan astean Gobernuak azaldutako aurreikuspenak positiboagoak ziren (% 1,2 2014an eta % 1,8 2015ean), eta baita Europako Batzordeak atzo aurkeztutakoak ere (% 1,1 eta % 2,1, hurrenez hurren).

Esportazioak

Alberto Gonzalez OCDEko ekonomialariak azaldu duenez, Espainiako ekonomiaren susperraldiak esportazioak izango ditu oinarri (% 5,6 gora egingo dute aurten, eta % 6,3 2015ean), baina Espainiako eskariak ere gora egin du, barne kontsumoari esker.

Horrela, kontsumoak % 1 gora egin beharko luke 2014an eta 2015ean. Lan merkatuko aldaketek eta partikularren konfiantzak egoera hobetu dute. Inbertsioak pixkanaka gora egingo du (% 0,3 eta % 2, hurrenez hurren), baina gastu publikoan murrizketek jarraituko dute (-% 3,6 eta -% 2,5).

Langabezia-tasak aurten puntu bat behera egitea espero du OCDEk (% 25,4ra arte jaistea, alegia), eta beste puntu bat 2015ean (% 24,4). Espainiako Gobernuak egindako aurreikuspena (% 24,9 eta % 23,3) baino askoz okerragoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea