Ekonomia -

Lan-gatazka

Epaile batek dio langileen legez kanpoko lagatzea izan dela EiTBNETen

Horrez gain, Baionako Auzitegiak eitb.com-i zerbitzua ematen dion M4F azpikontrata zigortu egin du, langile bati Gizarte Segurantzan alta eman ez ziotelako.

M4Fko langileen EiTBren Bilboko egoitzaren aurrean egindako protesta. Artxiboko irudia
M4Fko langileen EiTBren Bilboko egoitzaren aurrean egindako protesta.
M4Fko langileen EiTBren Bilboko egoitzaren aurrean egindako protesta. Artxiboko irudia

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko arlo sozialeko bigarren epaitegiak ondorioztatu du M4F azpikontratak langileak legez kanpo laga dizkiola eitb.com egiten duen EiTBNET enpresari.

LAB sindikatuak eta M4Fko enpresa batzordeak ohar batean adierazi dutenez, “epaiak dio EiTBNETi beharginak lagatzera mugatzen zela M4Fren eginkizuna, eta EiTBNET ardura zela lanerako bitarteko guztiak jartzea eta zerbitzua antolatzea”.

Ebazpenak aipatzen du 2013ko maiatzean egindako txostenean Lan Ikuskaritzak langileen legez kanpoko lagatzea zegoela ondorioztatu zuela eta, beharginek epaitegietan salaketak jarri ondoren, bi enpresak “legez kanpoko trafiko horren aztarnak modu traketsean ezkutatzen ahalegindu” direla.

Epaiaren berri izan ostean, M4Fko enpresa batzordeak langileen egoera irregularrari “berehalako irtenbidea” emateko exijitu dio EiTBri, enpresa itxi arte (2014ko abendua) zain egon beharrean.

Enpresak neurrik hartu ezean, “ekintza sindikalak” iragarri dituzte uda osterako, eta ekintza horiek eitb.com-en ohiko zerbitzuan eragina izango duela ohartarazi dute.

Joan de maiatzean, M4Fko enpresa batzordeak eta LAB sindikatuak salatu zuten EiTBk aipatu azpikontrata “likidatzeko mekanismoak” abiatu zituela, langileek auzitegira jo ondoren.

M4F hartzekodunen konkurtsoan sartu zen, 2014a amaitu orduko kontratu guztien iraungitzea eskatuta.

LABen iritzian, eskaera horrek EiTBren “babesa” zuen, eta erabaki horrekin “iruzur honetatik kalteak ordaindu barik irteten saiatu dira beste behin ere”.

Bestalde, Baionako Auzitegiak M4F azpikontrata zigortu egin du, langile bati Gizarte Segurantzan alta eman ez ziotelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea