Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Urkullu: 'Krisiaren aurreko datuak 2020 urterako berreskuratuko dira'

Lehendakariak nabarmendu du krisitik ateratzeko prozesua "motela" izango dela, "ekonomiaren sektore guztietan" izan baitu eragina.

Iñigo Urkullu lehendakaria. EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria. EiTB
Urkullu: '2020rako itzuliko gara krisi aurreko datuetara'

1:57

I.G. / D.P | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, Euskadik 2020 urterako berreskuratuko ditu "krisiaren aurretik" zituen datu makroekonomikoak, Radio Euskadiko elkarrizketa batean iragarri duenez.

Lehendakariak nabarmendu du krisitik ateratzeko prozesua "motela" izango dela, "ekonomiaren sektore guztietan" izan baitu eragina, baina "industrian bereziki".

Agintariak gogorarazi duenez, 2014 urteko emaitzak "aurreikusitakoak baino hobeak" izan dira, eta 2015ean "baikorrak izan gaitezke", "esportazio, industria, enplegu, merkatu eta kontsumo datuen arabera".

Nolanahi ere, Euskadik ez du krisia gaindituko "krisia bera hasi baino lehen zeuden datu ekonomikoak berreskuratu arte", eta hori, horren ustez, 2020an gertatuko da.

"Krisia gainditzeko prozesua motela izango da, baina oinarriak ezartzen ari gara", gaineratu du.

Horren ildotik, industriaren sektorea berriz ere barne produktu gordinaren (BPG) % 24-25 izatea helburu dutela azaldu du Urkulluk, “enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzeko”.

Halaber, Euskadira "inbertsio berriak" etorriko direla aurreratu du, baina ez du zehaztasun gehiagorik eman horri buruz. Hori guztia kontuan hartuta, "pozik" egoteko arrazoiak daudela erantsi du lehendakariak, aste honetan ezagutu diren datuen arabera enpleguak behera egin duen arren. "Datuak hilabetez hilabete aztertzen baditugu, gorabehera ugari ikusiko ditugu", esan du.

Sektore publikoa

Funtzio publikoaren sektoreko sindikatuek egindako aldarrikapenen aurrean, Urkulluk "eskertu" nahi izan die funtzionarioei "lana eta esfortzua", azken urteetan izoztuta izan baitute soldata.

"Horien erosteko ahalmena handiagoa izatea nahiago nuke, baina errealismoa eskatu behar diet". Izan ere, langile publikoek "soldata eta egonkortasuna bermatuta" dituztela gogorarazi du.

"Hobekuntzak nahi ditugu? Bai, baina errealitatea eta proportzioa oinarri hartuta", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Urkullu