Ekonomia -

Jardunaldiak

Gizarte eragileekin, lan-erreformaren kalteak arindu nahi ditu Toñak

Sailburuak gogor kritikatu du PPk 2012an onartutako erreforma, horri esker ez baita lanposturik sortu.

Lan merkatuaren erreformak ez du ezer onik ekarri, Toñaren esanetan.

1:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburua prest agertu da, EAEko gizarte eragileekin batera, krisi ekonomikoak eragindako kalteak arintzeko elkarrekin lan egiteko.

UGTk eta Juan de los Toyos elkarteak antolatutako jardunaldietan izan da Angel Toña. Rajoyren Gobernuak 2012an onartutako erreformak izan dituen ondorioak aztertuko dituzte aipatu jardunaldietan. Toñak gogor kritikatu du PPren erreforma, ez baita baliogarria izan lanpostuak sortzeko. “Ez da enplegu berririk sortu erreforma horri esker”.

Bien bitartean, erreformak “kaleratzeak malgutu ditu eta lanaldia familiarekin uztartzeko neurriei kalte egin die”, erantsi du Toñak.

Lan erreformak Euskadin izan duen eragina argitzeko, zenbait adibide jarri ditu: indarrean sartu zenetik, 2012ko bigarren seihilekotik, 2014ko amaierara, lanaldi osoa duten langileen kopuruak behera egin du (3,4 puntu). Bestalde, lanaldi partziala duten langileen kopurua igo egin da (% 5). Dagoeneko langileen % 20k lanaldi partziala dute Euskadin.

Era berean, langabezia-tasa hazi egin da eta urtebete baino gehiago langabezian dauden langileak ere gero eta gehiago dira.

Sailburuaren hitzetan, enpleguaren prekarizazioaz gain, lan erreformak enpresa eta langileen arteko harremanak okertu ditu. “Enpresetako lan hitzarmenak sektorialen gainetik jarri dira”, azaldu du.

Egoera horren aurrean, sailburua prest agertu da gizarte eragileekin hitz egiteko. “Nahiz eta batzuek interes kontrajarriak ikusi, konpromisoa pertsona guztiekin daukagu, batez ere langileekin, euren eskubide eta duintasunarekin. Denon artean erreformaren kalteak arintzeko gai izan behar gara”, adierazi du sailburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa munduan gaur Ekonomia