Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Osakidetzako greba 'arduragabekeria' dela uste du Darponek

Osasun sailburuaren aburuz, 48 orduko lanuztea ez dago justifikatuta, ez behintzat Osakidetzan dituzten "baldintza objektiboei eta soldatei" erreparatuta.

Darpon: 'Greba arduragabekeria bat da eta ez dago justifikatua'

01:31

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren esanetan, sindikatuek apirilaren 23 eta 24rako deitutako 48 orduko greba "arduragabekeria da" eta ez dago justifikatuta; ez behintzat Osakidetzan dituzten "baldintza objektiboei eta soldatei" erreparatuta.

Euskal Osasun Zerbitzuan izan diren murrizketak salatzeko bi greba egun deitu dituzte CCOO, UGT, ELA, LAB, ESK, SATSE, SME eta FFHE sindikatuek.

Greba kritikatu du Darponek Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean. Osasun sailburuak esan duenez, sindikatuek 2010eko lan baldintzak berreskuratu, lan astea murriztu eta soldatak igo nahi dituzte, eta "hori orain ezin da egin", nabarmendu du.

"Zein arlotan egiten dute lan 1.614 ordu baino gutxiago urtean eta zeinetan dute Osakidetzan dagoen segurtasuna?", galdetu du Darponek. Horren iritzian, egoerak "muturrekoa" behar du izan greba bat deitzeko, eta Euskal Osasun Zerbitzuan ez dago halakorik; hori horrela, greba justifikatuta ez dagoela agertu du.

2015ean egingo diren bi lan eskaintza publikoak hizpide hartuta, lanpostu kopurua handiagoa izatea nahiko lukeela azpimarratu du Osasun sailburuak, baina Rajoyren gobernuak arlo horretan ezarritako muga gogorarazi du. Osakidetzaren Administrazio Kontseiluak gaur bertan onartu du lan eskaintza publikoa.

Sindikatuekin akordioak lortzeko prest dagoela azpimarratu du Darponek; "atea zabalik daukagu", erantsi du. Izan ere, sailburuaren esanetan, legealdi honetan inoiz baino bilera gehiago egin dituzte sindikatuekin, eta greba ez egiteko "baldintzak hobetzeko proposamena" egin zutela azaldu du.

Grebak herritarrei eragingo dizkien eragozpenak direla eta, "barkamena" eskatu du Darponek, eta eragozpen horiek ahalik eta txikienak izateko, Administrazioak gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Grebak albisteak