Ekonomia -

EPSILON AUZIA

Epsiloneko akusatutakoentzat 8 urteko kartzela eskatu du Fiskaltzak

Ahozko epaiketa zabaltzea eskatu du: delitu sozietarioa eta zigortzeko moduko kaudimengabezia delitua leporatu dizkie fiskalak Epsiloneko administradore ohiari eta finantza zuzendaria izandakoari.

Villadelprat, epaiketan. Artxiboko irudia. EFE.
Fiskalak 8 urteko kartzela zigorra eskatu du Epsilonen akusatuentzat

1:04

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan Villadelprat eta Phillip Mark Payne 'Epsilon auziko' bi akusatuentzat zortzina urteko kartzela zigorra eskatu du Arabako Fiskaltzak, delitu sozietarioa eta zigortzeko moduko kaudimengabezia delitua leporatuta. Merkataritza erakundeak kudeatzeko inhabilitazio berezia eta 7.300 euroko isuna ezartzea ere eskatu du Fiskaltzak. Gainera, bi akusatuek ia 900.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dute, eragindako kalte ekonomikoengatik edota Epsiloni dirua itzuli beharko diote.

Villadelprat Episolen Euskadi SL.-ko administradore izandakoari eta Payne enpresa horretako finantza zuzendari ohiari akusazio idatzia igorri die gaur Fiskaltzak. Episilon enpresaren ondarea 'iruzurra eginez'  bereganatu dutela jasotzen du testuak.

Lehiarako autoak sustatzeko helburuarekin sortu zen Epsilon Euskadi. 50 milioi euro jaso zituen diru-laguntzetan, tartean, Eusko Jaurlaritzak emandakoak. 2011ko otsailean aurre-lehiaketa eskatu zuten enpresarentzat eta urte horretako uztailean hartzekodunen konkurtsoan sartu zen, Caja Vitalek eta Kutxak emandako maileguei aurre egin ezinda.

2013an Gasteizko Merkataritza Arloko epaitegiak Epsilon Euskadiren porrotaren errudun Villadelprat jo zuen, eta 3 urteko inhabilitazioa eta 900.000 euroko isuna ezarri zizkion.

Akusazio idatziaren arabera,  'enpresaren kaudimen ezaren jakitun zirela', Villadelprat eta Paynek 'iruzurra eginez' eta 'zegokiona baino prezio askoz baxuagoan' saldu zituzten Epsilon Euskadiren aktiboen % 80.

Kronologia

Fiskaltzak emandako datuen arabera, 2011ko martxoaren 2an Epsilon Euskadiren administratzaileak hartzekodunen aurre-lehiaketan sartzeko eskaria aurkeztu zuen epaitegian, enpresa kaudimengabezia egoeran zegoela argudiatuta. Handik 14 egunera  eta 'aurrez hitzartutako plana' jarraituz, Epic Racing sozietatea sortu zuen Paynek.

2011ko apirilean, Villadelpratek eta Paynek, Epsilon Euskadi eta Epic Racing enpresen administrari bakarrak izanda, salerosketa kontratua izenpetu zuten; hain zuzen, Epsilonen automobil adarraren aktiboak salerosi zituzten.

Fiskaltzaren arabera, automobil adarra zen Epsilonen 'arima', 'balio ekonomikoa' zuen adar bakarra zelako eta horri esker lortzen zituelako enpresak 'sarrera gehienak'.

Peritu txostenean jaso dutenez, saldutako aktiboen balioa milioi bat eurokoa zen. Salerosketa operazioan Epic Racing enpresak 200.000 euro ordaindu behar zituen kontraprestazio modura, baina ez zituen inoiz ordaindu.  Operazioan, halaber, ezarri ziren baldintzak oso garestiak zirela dio txostenak, 'salerosketa inoiz gauza ez zedin'. Hala, Epsilon Euskadik hartzekodunen konkurtsoa eskatu zuen 2011ko uztailaren 2an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea