Ekonomia -

Bergara (Gipuzkoa)

Candy berriz industrializatzeko Optimizeren proposamena, bertan behera

Lantegiaren etorkizuna bermatzeko beste aukera batzuk aztertzen ari da orain Gipuzkoako Aldundia. Erabakiari aho batez babesa eman diote langileek asanbladan.

Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Candy enpresa berriro industrializatzeko Optimize konpainiak aurkeztutako proposamena atzera bota du Gipuzkoako Aldundiak; izan ere, egitasmoak Bergarako lantegiaren “ezaugarriei aurre egiteko heldutasun nahikorik ez du oraindik”, azterketa tekniko baten arabera.

Lantegiaren etorkizuna bermatzeko beste aukera batzuk aztertzen ari dira orain, Gipuzkoako Aldundiak agiri batean jakitera eman duenez.

Aldundiak, Mondragon Unibertsitateak eta Price Waterhouse Coopers kontsultariak Optimizeren negozio planaren bideragarritasuna “sakon eta arduraz” aztertu eta baztertu dute.

Langileek erabakiari babesa eman diote

Candyko langileek batzarra egin dute gaur eta erabakiari babesa eman diote aho batez. Bestalde, ekainera arte berriz ez biltzea adostu dute beharginek.

Enpresa-batzordearen ahotan, “aurretik adostutako baldintzak betetzen dituen egitasmorik ez du aurkeztu” Aldundiak. Lantegia “berriz industrializatzeko lanean” jarraituko dutela iragarri du langileen ordezkaritzak.

“Etorkizunerako edozein proiektuk sinatutako baldintzak bete” behar dituela uste du enpresa-batzordeak. Lanpostuak eta lan baldintzak mantendu behar dituela azpimarratu du langileen ordezkaritzak agiri batean.

Ildo horretan, prozesuak “argazkiak, itxurakeria mediatikoak eta alderdikeriak soberan” dituela kritikatu du enpresa-batzordeak. “Lan bateratua, parte-hartzea eta informazioa”, aldiz, falta dituela salatu dute langileen ordezkariek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Lana albisteak Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Bergara albisteak Gaurko azken ordukoa Enpresak Industria sektorea