Ekonomia -

Arrantza

Euskadiko Arrantzaleen Kofradiaren sorrera iragarri dute

Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek osatuko dute nazio mailako federazioa eta horren helburua erabaki guneetan indar gehiago izatea izango da, bereziki, Madrilen eta Bruselan.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Euskadiko Arrantzaleen Kofradiaren sorrera iragarri dute

1:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laster, egitura berri bat jarriko da martxan euskal arrantza sektorearen baitan: Euskadiko Arrantzaleen Kofradia. Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek osatuko dute egitura berri hori eta horren helburua interes komunak defendatzea izango da, esaterako, kuoten banaketa negoziatzerakoan.

Hala iragarri du Urkullu lehendakariak Getarian (Gipuzkoa) Antxoaren Eguneko ospakizunen barruan egindako ekitaldian.

Arrantzaren etorkizunari begira, bat eginda lan egiteko beharra nabarmendu du lehendakariak: "sektore indartsua eta bateratua behar dugu gure herrialdearen etorkizun-berme izan dadin".

Eugenio Elduayen Gipuzkoako Kofradiako buruak ere Euskadiko Arrantzaleen Kofradiaren sorrera hizpide izan du eta adierazi du egitura hori baliatuta elkarrekin borrokatu nahi dituztela kuoten banaketak.

Elduaienek aitortu du ez dela "erraza izan" erakunde hori sortzea, Gipuzkoako eta Bizkaiko ontzien arteko diferentziak tarteko. "Lan asko egin dugu, guztiok eman dugu amore eta guztiok egin ditugu ekarpenak, eta gaur Euskadik Madrilen eta Europan aitortza lortzeko bidean gaude", azaldu du. Dena den, ohartarazi du itsasora irten aurretik "lehorrean" egin behar dela lan eta, horren ildotik, arrantza kuotak eta arrantza sektoreko hitzarmenak aipatu ditu.

Hurrengo erronkez galdetuta, adierazi du Euskadirentzat antxoa kuota handiagoa eskatuko dutela; izan ere, orain Kantauriko ontzi guztientzako kuota bakarra dago.

Bestalde, Elduaienek ez du zehaztu nor izango den Euskadiko Arrantzaleen Kofradiako presidentea, baina txandakako kargua izan daitekeela azaldu du. Gainera, erakunde berriak ez du egoitza berririk izango eta horretarako Gipuzkoako Kofradiaren eta Bizkaiko Kofradiarenak erabiliko dira.

Egitura berri hori sortuko bada ere, Gipuzkoako eta Bizkaiko Kofradiek beren jarduerari eutsiko diete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Arrantza kanpaina azken ordukoa