Ekonomia -

Negoziazio kolektiboa

Confebaskek indar gabe utzi du ostiralean sindikatuekin zeukan bilera

Confebaskek bertan behera utzi du ostiral honetarako sindikatuekin  egin behar zuen bilera, estatuan sinatutako hitzarmen kolektiboa aztertzeko asmoz. Gainera, LABi "errespetu falta" aurpegiratu dio.

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enpresa-konfederazioak deialdia egin zien euskal sindikatuen ordezkariei, estatuan sinatutako akordioa Euskadin aplikatzeko aukera eztabaidatzeko. Hala ere, sindikatu nagusien artetik UGT izan zen batzarrean parte hartzeko prest azaldu zen bakarra, ELA eta CCOO sindikatuek uko egin baitiote deialdiari, eta LABek bere tokia modu sinbolikoan prekarietateak jotako bi langileri utziko diola jakinarazi du.

Ohar baten bidez, Confebaskek LABen erabaki hori gaitzetsi du "Confebaskeko presidenteak LABeko idazkari nagusiari edota, gutxienez, sindikatuko zuzendaritza taldeari egindako gonbidapen instituzional, formal eta zuzena zelako".

Confebaskek aburuz, deialdia beste inorengan eskuordetzeak "Confebaskekiko eta bileran parte hartuko duten gainerako erakundeekiko errespetu falta osoa adierazten du, eta jarrera hori ez dagokie instituzio serioei".

Horregatik guztiagatik, Confebaskek bilera bertan behera uzteko erabakia hartu du, eta gaineratu du etorkizunean egingo dituzten  bilerak "ekarpen positiboak" egin nahi dituzten erakundeetara mugatuko direla.

Gaur goizean bertan, CCOO sindikatuak ostiraleko topaketara ez joateko arrazoiak azaldu ditu, eta sindikatu bakoitzarekin aldebiko bilerak egitea proposatu dio Confebaski, "bilera horien ostean ikusteko ea badagoen negoziazio-mahaia egiteko aukera errealik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langile Abertzaleen Batzordeak Confebask bideoak