Ekonomia -

Urola-garaia

Langileak Zumarragatik ahalik eta gertuen kokatzea eskatu du Olanok

Gipuzkoako ahaldun nagusiaren arabera, ArcelorMittalek hartu duen erabakia "kolpe handia da Gipuzkoako industriarentzat", bereziki lurralde industriala delako.

Markel Olano
Markel Olano
Markel Olanok arduraz jokatzeko eskatu dio ArcelorMittali

0:21

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esanetan, "zorigaiztoko albistea" izan da ArcelorMittalek Zumarragako lantegian jarduera etetea erabaki izana eta, bide batez, "erantzukizuna" eskatu dio enpresari, langileak (300 baino gehiago) euren etxeetatik "ahalik eta gertuen" kokatzeko.

Donostian egindako agerraldian Olanok esan duenez, albiste txarra da bai lurraldearentzat, bai Urretxu-Zumarragarentzat, baita Urola Garaia eskualdearentzat ere, baina batez ere bertan lan egiten duten langileentzat da txarra; izan ere, langileek eta haien familiek "jasango dute gehien itxialdiaren kolpea eta ondorioak", gaineratu du Olanok.

Horren ildotik, ahaldun nagusiak adierazi du Gipuzkoako Diputazioak "gertutik" jarraitu duela altzairuaren sektoreak Europan eta Euskadin izandako ibilbidea, eta azken albisteak "oso kezkagarriak" izan direla nabarmendu du.

Halaber, Markel Olanok "elkartasuna eta gertutasuna" helarazi die Zumarragako lantegiko beharginei, eta Gipuzkoako Diputazioaren "lehentasun eta kezka nagusia" haiek direla azpimarratu du. Horren haritik, Olanok esan du foru erakundeak haiei eskainiko diela bere "denbora eta ahalegina".

Ahaldun nagusiaren ustez, ArcelorMittalen erabakia "kolpe handia da Gipuzkoako industriarentzat", bereziki lurralde industriala delako. "Gobernu honek legealdiaren hasieratik egin dio aurre industria indargabetzeko prozesuari, eta Gipuzkoako jarduera ekonomikoari eusteko borroka berretsi egiten du", erantsi du.

Olanok, gainera, "erantzukizuna" eskatu dio ArcelorMittalen zuzendaritzari "erabakiak hartzeko garaia heldu baita", eta, erakunde gisa, bi helburu nagusi jarri ditu. Horietako bat langileek Zumarragatik "ahalik eta gertuen lanean jarraitu ahal izatea" litzateke, horren arabera, baina Diputazioa beldur da langileak Euskaditik kanpo kokatuko dituztela, neurri handi batean. "Nola eta zer-nolako epetan enpresak berak egingo dituen negoziazioen eta proposamenen araberakoak izango dira", gaineratu du.

Ahaldu nagusiaren esanetan, baina, Diputazioak "ahal duen guztia egingo du Zumarragan industria bultzatzeko", eta enpresari inplikazioa eskatu dio, "baliabide korporatiboak" erabil ditzan, besteak beste. Ildo horretan, gogorarazi du halako kasuetan beste enpresa batzuek (Michelinek esate baterako) plan bereziak jarri dituztela martxan halako egoerei aurre egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia Gipuzkoako albisteak Ekonomia Markel Olano Albisteak Gaur Albisteak Burdingintza Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak