Ekonomia -

Aurreikuspen makroekonomikoak

2016ko defizita % 3,6koa izango da, Espainiak uste zuena baino gehiago

Gobernua jardunean denez, 2016rako proposatutako neurriak bakarrik aurkeztuko dizkio Rajoyren gobernuak Bruselari.

De Guindosek Kongresuan aurkeztuko ditu aurreikuspenak. EFE
De Guindosek Kongresuan aurkeztuko ditu aurreikuspenak. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis de Guindos Espainiako Gobernuko jarduneko Ekonomia ministroak bere aurreikuspen makroekonomikoak aurkeztu ditu gaur Kongresuan. Emandako datuen arabera, 2016ko defizita Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 3,6koa izango da, aurrez aurreikusitakoa (% 2,8) baino zortzi hamarren gehiago, alegia. 2017ari dagokionez, defizita % 2,9koa izatea espero du Rajoyren gobernuak.

Gehiegizko defizita (BPGaren % 3tik gorakoa) zuzentzeko urtebete gehiago beharko izan du, horrenbestez, Espainiak. Izatez, Europako Batzordeak 2016ko epemuga ezarri zion Rajoyren gobernuari defizit helburua betetzeko.

2016ko defizit helburua betetzeko, 2.000 milioi euroko gastu murrizketa egingo du Espainiako jarduneko gobernuak eta autonomia erkidegoen gastuetan muga jarriko du. De Guindosen hitzetan, jardunean egonda, gobernuak ezin du 2017rako erreforma plan prestatu, eta Bruselari bidali beharreko dokumentazioan 2016koak bakarrik sartuko dituzte.

Aurrez ezarritako helburua betetzeko, hau da, defizita BPG % 2,8koa izateko, "aurrekontuetan doikuntza zorrotza" egin behar zuen Espainiako Gobernuak, eta horrek "kalte izugarria" eragingo lioke "hazkunde ekonomikoari".

EB, murrizketa eske

2015eko defizitaren aurreikuspenak gainditu dituela ikusita (% 5ekoa izan zen, % 4,2koa izango zela iragarri zuten arren), aurreikuspenak doitu ditu Espainiako Gobernuak. Europar Batzordeak aurrekontuetan doikuntzak egiteko eskatu dio beste behin.

Defizit helburua betetzeko epe "errealistago" bat negoziatzen ibili da De Guindos Europako Batzordearekin. Ekonomia hazkundearen erritmoa mantsotu egingo dela eta nazioartean ziurgabetasuna nagusi izango dela argudiatu omen du EBren jarrera "malgutzeko".

Defizita ez ezik, enplegu sorreraren erritmoa ere moteldu egingo da, Espainiako Gobernuaren aurreikuspenen arabera. 2015ean % 3 hazi bazen ere, 2016an 2,7koa, eta 2017n, 2,4koa izango dela uste du De Guindosek zuzentzen duen Ministerioak

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia Europar Batasuna Zer ari da gertatzen Europan? Espainiako Gobernua bideoak Espainia Ekonomia 2024 Gaurko azken orduko albistea