Ekonomia -

Industriaren kirisialdia

Milaka pertsona bildu dira Bilbon euskal industriaren defentsan

ELA, LAB, CCOO eta UGTk deitutako manifestazioan azkenaldian iragarritako kaleratzeei aurre egin eta honakoa adierazi nahi izan dute: 'industriarik gabeko herrialdea, etorkizunik gabeko herrialdea da'

Arcelor Mittaleko langileek Zumarragan egindako manifestazioa.
Arcelor Mittaleko langileek Zumarragan egindako manifestazioa.
Euskal industriaren aldeko manifestazioak jendetza bildu du Bilbon

3:48

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona manifestatu dira larunbat honetan Bilbon euskal industriaren defentsan eta azken aldian euskal industrian iragarri dituzten itxieren eta murrizketen aurka (altzairuaren sektorekoak, kasu), ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta.

Martxa bukatu ostean, antolatzaileek azpimarratu dute "industriarik gabeko herrialdea, etorkizunik gabeko herrialdea" dela, eta ohartarazi nahi izan dute milaka familien etorkizuna "dudazkoa" dela.

Manifestazioa eguerdiko hamabietan atera da Jesusen Bihotza plazatik "Gure industriaren defentsan. Industria politika erreal baten alde" lelopean, eta Areatzan bukatu da. Aipatutako sindikatuez gain, Steilas, ESK edota LSB-USO sindikatuek ere deialdiarekin bat egin dute.

Metalgintzako federazioen ekimenez egin da mobilizazioa, euskal altzairugintzak bizi duen egoera zailaren harira; une honetan ekoizpena etenda duten ArcelorMittal Sestao eta ArcelorMittal Zumarraga lantegiak horren lekuko.

Protestarekin bat egin dute politikako hainbat ordezkarik ere; besteak beste, Itxaso Atutxa, EAJko BBBko presidentea; Idoia Mendia, PSE-EEko idazkari nagusia; Nerea Llanos PPko idazkari nagusia; Hasier Arraiz, Sortuko presidentea, eta Eduardo Maura, Podemoseko senataria.

INDUSTRIAREN ALDEKO MANIFESTAZIOA BILBO EITB

Manifestazioa bukatu denean, antolatzailek ohar bat irakurri dute euskaraz eta gaztelaniaz, eta "industria politika" baten gabezia eta "botere ekonomikoarekiko gobernuek duten mendetasuna" salatu dute. "Industriarik gabeko herrialdea, etorkizunik gabeko herrialdea da", azpimarratu dute.

Hala, ELAko Unai Martinezek "epe motzetik haratago doan industria politika" izatea eskatu du. CCOO sindikatuko Unai Sordok, berriz, industria defendatzeko "instituzioen arteko" konpromiso bat egotea eskatu du, zeren, esan duenez, "industria galtzen duen herrialde batek bere ekonomia desorekatzen du".

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaideren esanetan, herrialde baten inbertsiorik onena industria da, "etorkizun ekonomikoa eta enplegua" ziurtatzen baititu. Aldi berean, UGT sindikatuko Raul Arzak azpimarratu du industria-enpresek beti eskaintzen dutela kalitate gehiago duten lanpostuak.

INDUSTRIAREN ALDEKO MANIFESTAZIOA BILBO EITB

Alderdi politikoei dagokienez, Itxaso Atutxak (EAJ) ziurtatu du bere alderdia "lanpostu bat zalantzan, kolokan dagoen tokian" han izango dela. EH Bilduko Hasier Arraizek Eusko Jaurlaritza kritikatu du, industria-politika bat ez izategatik, eta, aldi berean, "Madrileko betoei aurre egiteko" subiranotasuna izatea eskatu du.

Idoia Mendia  PSE-EEko idazkari nagusiak gogorazi du Jaurlaritzak daukala industriaren eskuduntza "esklusiboa", eta EBri eta Espainiako Gobernuari neurriak eskatzea baino "askoz gehiago" egin dezakeela. Nerea Llanos PPko ordezkariak ere Jaurlaritzari eskaera zuzendu dio, eta autogobernua erabil dezala eta gainerakoei erruak botatzeari utz diezaiola esan dio.

Podemosen partetik, Eduardo Maurak industriak sektore estrategiko gisa duen garrantzia nabarmendu du, "euskal gizartearen etorkizunaren eta ongizatearen zati bat jokoan dagoelako".

INDUSTRIAREN ALDEKO MANIFESTAZIOA BILBO EITB

Tapia: Eusko Jaurlaritzak "beti izan du" bere industria-politika

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak gaur Bermeon ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzak "beti izan du" berezko industria-politika bat, industriak herrialdearen bizkarrezurra izan behar duela sinetsita. Hala, bere hitzetan, politika horrek nazioartekotasuna eta berrikuntza bultzatzen ditu, eta euskal enpresei laguntza emateko tresna ekonomikoak eskuragai jartzen ditu.

Nahiz eta altzairuarena bezalako sektoreek zailtasunak dituzten, Tapiak gogoratu nahi du industria hazten ari dela, 2016ko lehen hiruhilabetekoan izandako datuek adierazten dutenez, % 18 igo baitira eskariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina-Errusia gerrak eragindako krisia Politika Bilbo Eusko Langileen Alkartasuna Langile Abertzaleen Batzordeak EAE Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Albisteak CCOO sindikatua UGT Langileen Batasun Orokorra Industria