Ekonomia -

BIZKAIBUS GREBA

Bizkaibuseko langileek gaur dute bosgarren lanuzte eguna

Goiz eta arratsaldeko txandetan egingo dute greba: 07:30etik 09:30era, eta 18:00etatik 20:00etara. Gutxieneko zerbitzuak % 30ekoak dira.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur bosgarren greba eguna dute Bizkaibuseko langileek. Goiz eta arratsaldeko txandetan bi orduko lanuzteak egingo dituzte zerbitzuaren esleipena duten enpresek lan baldintzak okertzeko "asmoa" dutela salatzeko.

Langileek presio handiagoa egiten ari dira, izan ere, asteko, hiru greba egun egiten hasi dira. Sindikatuen arabera, auzia erradikalizatzeko arrisku handia dago ez bada konponbiderako urratsik ematen aste honetan. Zentzu berean, Foru Aldundiaren jarrera kritikatu dute, izan ere, enpresa eta langileen arteko auzian beste alde batera begiratzea leporatzen diote.

Hala ere, sindikatuetako bozeramaileek akordio batetara heltzeko prestutasuna agertu dute eta, aste honetarako aurrerapausoak ematea ere espero dute. Ez badira aurrerapausoak ematen, gatazka gehiago korapilatuko dela eta, erradikalagoa ere izango dela ohartarazi dute.

Maiatzaren 16an bezala, bidaiari gehien dabiltzan orduetan deitu dituzte lanuzteak, goiz eta arratsaldez. Hala, greba 07:30etik 09:30era, eta 18:00etatik 20:00etara egingo dute. % 30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte.

Greba honek ez du Busturialdean eraginik izango, langileak eta enpresa, akordio batetara iritsi direlako baina,  gainerako enpresetako beharginek deialdiari eutsi diote. Hala, greban egongo dira Ezkerraldeko eta Meatzaldeko autobus zerbitzuan, Txorierrin eta Mungialdean, Enkarterrietan, eta Arratian, Ermuan eta Nerbio-Ibaizabalen PESAk eskainitakoetan.

Gaurko grebaz gain, ostiralean, maiatzaren 20an berriro deitu dute greba . UGT, CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuek eta enpresa-batzordeek deitu dute greba.

Horien ondoren, hiru orduko lanuzteak egingo dituzte hilaren 23tik 26ra (07:00etatik 10:00etara goizean eta 17:30etik 30:30era arratsaldean), eta laukoak maiatzeko azken bi egunetan eta ekaineko lehen 10etan (07:00etatik 11:00etara goizean eta 17:00etatik 21:00etara arratsaldean).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaiko albisteak Grebak gaur Lana Ekonomia Bizkaibus albisteak Albisteak Bizkaibusen lineak