Ekonomia -

Basauri

Sidenorreko zuzendaritzak erosi egin dio konpainia Gerdauri

Jose Jainaga bilbotarra buru duen enpresaburu taldeak 155 milioi euro ordainduko ditu konpainiaren truke.

Sidenorrek Basaurin duen lantegia. EiTB
Sidenorrek Basaurin duen lantegia. EiTB
Euskal funts batek erosi du Gerdau, 155 milioi euroan

1:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sidenorreko zuzendaritzako hainbat pertsonak (Jose Jainaga kontseilari delegatua buru) erosi egin diote konpainia Gerdau talde brasildarrari.

Gerdauk ohar batean zehaztu duenez, operazioa 155 milioi eurokoa izan da, baina baliteke 200 milioira igotzea bost urte barru, negozioaren garapenaren arabera. Talde erosleak Clerbil du izena.

"Altzairuaren industriak mundu osoan dituen erronken aurrean, gure merkatu balioa eta lehiakortasuna handitzea dugu helburu, betiere zorra kontrolatuta izanda", azaldu du Gerdauko buruak, Andre B. Gerdau Johannpeterrek.

Bere aldetik, Jainaga bilbotarrak esan du "ulertu" egiten duela Gerdauren erabakia, eta eskertu egin dio 10 urtean erakutsitako "konpromisoa".

Salmenta akordioa ostiral honetan bertan sinatu dute, eta operazioa uztailerako gauzatzea espero da. Orain, Lehia agintariek aztertu behar dute salmenta.

Konpainiak Sidenor izenarekin egingo du lan berriro, eta eskualdaketa "azkarra" izatea espero du Gerdauk. Izan ere, jabe berriak dagoeneko ari dira konpainian lanean.

Talde brasildarrak esan du ez duela kaleratzeren berririk, eta jasotako gainerako eskaintzek "berregituratze sakonak" zekartzatela zehaztu du.

Gerdauk urrian jarri zuen salgai Sidenor. Harrezkero, euskal enpresa talde bat (Cie Automotive, Aristrain, Tubacex, Gestamp eta Velasco) hura erosten saiatu da, baina talde brasildarrak ez du onartu eskaintza.

Sidenorrek 1.500 langile ditu EAEn dituen sei lantegietan. Gehienak (900) Basaurin daude, eta, gainerakoak, Gasteizen, Legution, Azkoitian, Soraluzen eta Legazpin.

Jaurlaritzak: "Albiste bikaina da"

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako Sailak esan du salmenta "albiste bikaina" dela, "egonkortasuna" dakarrelako.

Europa Press agentziak jakinarazi duenez, Arantxa Tapia buru duen Sailak txalotu egin du Sidenorren jabe berriak "bertako inbestitzaileak" izatea, Euskadirekin "konpromisoa" dutenak.

Gainera, salmenta altzairuaren sektorearen egoera "zaila" izaten ari den honetan egin dela gogorarazi du.

Bizkaiko Aldundia: "Aukera bikaina"

Bizkaiko Aldundiak uste du "albiste oso ona" dela euskal enpresari talde batek Brasilgo Gerdau multinazionalaren Espainiako lantokiak eskuratu izana. Sidenor markaren pean arituko dira aurrerantzean.

"Euskadiko burdingintzarentzat aukera bikaina da. Herrialdearentzat eta Bizkaiarentzat sektore estrategikoa da, industriari eta enplegua kontuan hartuta duen eragina kontuan hartuta", azpimarratu du Bizkaiko Aldundiko iturriak.

Exekutibo foralak adierazi du operazioak "Bizkaiak erabaki industrial zentro bat berreskuratzea" suposatzen duela, "euskal profesional horien konpromisoari esker".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauri Zer gertatu da gaur Bizkaian? EAE Ekonomia berriak Gasteiz Gaurko azken ordukoa