Ekonomia -

Eskaintza berria

Arcelorrek Zumarragako langile guztiak eraman nahi ditu Asturiasera

Langile Batzordeak eta zuzendaritzak bilera egin zuten atzo, eta enpresak hasierako proposamena aldatu zuen, 50 langile EAEko lantegietan kokatzea ezinezkotzat jotzen duelako.

Zumarragako ArcelorMittaleko langileak. Argazkia: EITB
Zumarragako ArcelorMittaleko langileak.
Zumarraga itxita, langile guztiak Asturiasera eraman nahi ditu

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ArcelorMittalen zuzendaritzak Zumarragako lantegiko langile guztiak Asturiasen kokatzea eskaini dio langile batzordeari, EAEko lantegietako egoerak ez duelako ahalbidetzen jende gehiago hartzea.

Enpresako eta batzordeko iturrietatik jakinarazi duenez, atzo bilera egin zuten, eta enpresak hasierako proposamena aldatu zuen, 50 langile EAEko gainerako lantegietan kokatzea ezinezkotzat jotzen duelako.

Era berean, enpresa uzten dutenei eman beharreko kalte-ordainak handitzea proposatu zuen zuzendaritzak, baina negoziazio mahaiko kideek ez dute horren inguruko xehetasunik eman nahi izan.

Enpresako iturrien arabera, "merkatuaren egoera ikusita, aukera gehiago daude Asturiasen kokatzeko". Hala eta guztiz ere, gaia ez dagoela "itxita" eta negoziazioak irekita jarraitzen duela gaineratu dute.

Batzordeak aurre-erretiroak proposatu zituen EAEko gainerako lantegietan, Zumarragako langileak bertan kokatu ahal izateko, baina zuzendaritzak baztertu egin zuen aukera hori.

Bi aldeak datorren astean bilduko dira berriro, ostegunean edo ostiralean ziurrenik, negoziatzen jarraitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Ekonomia Albisteak Gaur Zumarraga Eguneko albisteak Asturias albisteak Lan gatazkak albisteak gaur Metalgintza