Ekonomia -

euskal enpresa

Orona gipuzkoarrak enpresa bana erosi ditu Polonian eta Portugalen

Hala, Europan duen posizioa indartu du, guztira, bost erosketa egin baititu aurten, konpainiak jakinarazi duenez.

Orona
Orona
Orona

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hernanin egoitza duen Orona mugikortasun soluzioetan espezializatutako konpainiak bi enpresa berri erosi ditu: bat Polonian eta bestea Portugalen. Hori dela eta, Europan duen posizioa indartu du, guztira, bost erosketa egin baititu aurten, konpainiak jakinarazi duenez.

Polonian erositako enpresa Krakdzwig da, Krakoviako igogailuen sektorean merkatu kuota handia duena. 1996an sortu zen eta 2002tik enpresa harreman estua du Oronarekin, urte horretan euskal enpresaren Poloniako bazkide eta banatzaile bihurtu baitzen.

Elkarrekin egin duten lanaren ibilbide positiboari eta Krakdzwig enpresak igogailuen sektorean duen esperientzia zabalari esker egin ahal izan da eragiketa, eta horren bidez, Oronak bere lantaldean sartuko ditu Poloniako enpresaren 65 langileak. Polonian egindako bigarren erosketa da, 2014an Techlift (Wroclaw) enpresa erosi baitzuen.

Bestalde, Portugalen duen presentzia indartzeko asmoz, Oronak akordioa lortu du laster Estrela Elevadores konpainia erosteko. 1992an sortu zen enpresa hori, eta Leiria eskualdean dago, kokaleku estrategiko batean, Porto eta Lisboa artean. Eragiketak aukera emango dio Oronari Estrela enpresak gaur egun mantentzen dituen 500 igogailuak bere egituran sartzeko. Hala, Oronak Portugalen duen bosgarren zentroa izango da, lehendik lau baititu: Braga, Porto, Lisboa eta Algarve.

Xabier Mutuberria Oronako zuzendari nagusiaren hitzetan, "eragiketa horiei esker, Europako merkatu gakoetan dugun posizioa indartuko dugu, eta onura aterako diogu bai Krakdzwigek bai Estrelak sektorean duten eskarmentuari".

Oronak 2016an izan duen hazkundearen erakusgarri, bi enpresa horiez gain, beste enpresa batzuk ere erosi ditu lehen seihilekoan: Frantziako bi konpainia eta Norvegiako bat.

Orona Europako eta Amerikako 11 herrialdetan 30 enpresa baino gehiago dituen enpresa taldea da, eta Europako hamar igogailu berritik bat egin du. 100 herrialdetan baino gehiagotan instalatzen dira bere produktuak, eta munduko 250.000 igogailuk Oronaren teknologia dute. Europako lehena da igogailu osoak ekoizteko ahalmenari dagokionez, eta ekodiseinuko ziurtagiria (ISO 14006) eskuratu duen mundu osoko lehen igogailu enpresa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hernani Euskal Autonomia Erkidegoa Mondragon korporazioa bideoak Ekonomia albisteak Gaurko azken ordukoa Portugal Enpresak Zer gertatu da gaur Varsovian?