Ekonomia -

Lan-istripua

Bermeo parean arrantzale bat hil dela salatu dute ELAk eta LABek

STEILAS, ESK eta Hiru sindikatuekin batera elkarretaratzea egingo dute astelehenean, 11:30ean, Bermeoko portu aurrean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta LAB sindikatuek gaur salatu dutenez, abuztuaren 2tik 3rako gauean arrantzale bat hil zen Bermeotik gertu, Otzarri Berria itsasontzian lanean ari zela.

Sindikatu bietako iturriek jakitera eman dutenez, hildako marinelak 55 urte zituen, eta bihotzeko baten ondorioz hil zen, ez baitzitzaion laguntza garaiz iritsi.

Lan-baldintza "duinak" eskatzeko xedearekin, sindikatu biek, STEILAS, ESK eta Hiru sindikatuekin batera, elkarretaratzea egingo dute astelehenean, 11:30ean, Bermeoko portu aurrean, "Lan istripu gehiagorik ez. Prekarietatea hiltzailea" leloa erabilita.

ELAren aburuz, prekarietateak, sorospen medioen gabeziak, azpikontratazioak, behin-behinekotasunak, lan-erritmoek eta segurtasun-neurrien gabeziak "lan-istripuetan eragin zuzena dute".

Sindikatuaren datuen arabera, dagoeneko 34 langile hil dira beraien lanpostuetan.

Ohar baten adierazi duenez, enpresek "produktibitatea eta irabazi ekonomikoak hobesten dituzte", eta, ondorioz, "lan-osasuna eta segurtasuna ez dira lehentasun".

LAB sindikatuaren iritziz, "traumatikoa ez den" heriotza horren atzean arrantzaleak lan egiten duten "baldintza prekarioak" daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bermeo Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB albisteak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa ESK sindikatuaren azken ordukoa Arrantza kanpaina azken ordukoa