Ekonomia -

Europaren irizpideari jarraiki

20 eguneko kalte-ordaina aitortu diote aldi baterako langile bati EAEn

Langile finkoen eta aldi baterakoen kaleratze kalte-ordainak parekatu dituen lehen epaia eman du EAEko Auzitegi Nagusiak, Europako Justiziaren irizpidea kontuan hartuta.

Galdakaoko Ospitalea. Argazkia: Osakidetza
Galdakaoko Ospitalea. Argazkia: Osakidetza
Galdakaoko Ospitalea. Argazkia: Osakidetza

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Galdakaoko Ospitalean hiru urtez ikerlari gisa lan egin zuen emakume batek 20 eguneko kaleratze kalte-ordaina jasotzeko eskubidea duela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak, Radio Euskadik jakinarazi duenez.

Europako Justiziak aldi baterako langileei buruz publikatu berri duen ebazpena kontuan hartu duen lehen epaia izan da EAEn.

Horrenbestez, kaleratutako langile horrek 20 eguneko kalte-ordaina jasoko du, langile finkoek bezala, jasotako 12 egunekoaren ordez.

Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztu edo ez aztertuko du.

Iraileko amaieran, Europako Justizia Auzitegiak ebatzi zuen Espainiak ezin dituela kalte-ordaina zehazterako orduan ezberdintasunak egin langile finkoen eta aldi baterako langileen artean, eta, beraz, bi langile mota horiek 20 eguneko kalte-ordaina jaso beharko dutela lan egindako urte bakoitzeko.

Horren ildotik, langile finkoei eta aldi baterakoei tratu berdina ematea agindu zion Europako Justizia Auzitegiak Espainiari.

Egun Espainian indarrean dagoen legediaren arabera, aldi baterako langileek 8 eta 12 egun bitarteko kalte-ordaina jaso behar dute lan egindako urte bakoitzeko, eta ezer ere ez, berriz, bitarteko langileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Lan gatazkak Galdakao-Usansolo Ospitalea