Ekonomia -

LAN-GATAZKA

Enplegua egokitzeko plana adostu dute Sidenorrek eta sindikatuek

Malgutasun-neurriak eta aldi baterako lan-erregulazio plana adostu dituzte UGT, CCOO, USO eta CSI-F sindikatuek enpresarekin. ELA, LAB eta ESK kontra agertu dira.

Aldi baterako lan-erregulazio plana adostu dute Sidenorren

1:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enplegua egokitzeko plana adostu dute Sidenorrek eta enpresa horretan gehiengoa duten lau sindikatuek (UGT, CCOO, USO eta CSI-F). Enpresak jakitera eman duenez, zentro guztietarako aldi baterako lan-erregulazio plana eta malgutasun-neurriak adostu dituzte bi aldeek.

Akordioari esker, erabakiak zentro bakoitzeko lan-kargaren arabera hartuko direla esan du enpresak, “produkzioaren beharren arabera”. Langileek soldataren % 90 jasoko dute erregulazioak irauten duen bitartean.

Lan-erregulazioa datozen bi urteotan ezarriko da, 2017an eta 2018an. Sidenorren planta bakoitzeko urteko lan-kargaren arabera hartuko dira neurriak. EAEn, guztira, 1.650 langile dira.

Langabezia osagarria

Langabezia-sariaren osagarria igotzea onartu du enpresak, eta horrek eragin du, besteak beste, sindikatuek akordioa onartzea: lan-erregulazioak irauten duen bitartean langileek oraingo soldataren % 90 jasoko dute. Enpresaren aurreko asteko eskaintzan soldataren % 75 eskuratzea aurreikusten zen.

Batez beste, talde osoaren lanorduak % 50 jaitsiko dira; hala, Azkoitian % 62 murriztuko da lanaldia eta Reinosan (Kantabria) % 75. Legazpiko eta Azuquecako (Guadalajara) plantetan, berriz, % 50. Basauriko produkzio zentroan  % 20 jaitsiko da (bulegoetan, % 50). Maltzagako produkzio osoa Sidenorrek Gasteizen duen lantegira eramango dute, eta han % 35 murriztuko dira lanorduak. Legutioko plantan ere murrizketa bera izango da.

Enpresak ziurtatu duenez, akordioan jasotako neurriekin, "lehiakortasuna berreskuratuko du taldeak, enpleguaren egonkortasuna bermatuz".

UGT eta CC.OO. sindikatuen hitzetan, akordioa ''ona'' eta ''positiboa'' da

Jon Lonbraña UGTko ordezkari eta Sidenorrek Basaurin duen lantegiko enpresa batzordeko buruaren hitzetan, akordioa ''positiboa'' da, langileentzat ''etorkizun bideragarri bat'' bermatzen duela. Hala, Lonbrañak nabarmendu du enpleguari eutsiko zaiola, eta baldintza ekonomikoen ''murrizketa'' ez dela zorrotza izango.

CC.OO. sindikatuak, bestalde, adierazi du akordioa ''ona'' dela, ''enplegua bermatzen duelako'' eta lantegien ''baldintza ekonomikoen'' alde egiten duelako. Radio Nacional irrati katean egin dituen adierazpenetan, Miguel Reimúndez CC.OO. sindikatuak Sidenorren duen ordezkariak esan du adostutako baldintzek, oraindik negoziatzeko zain, hitzarmena aldatzen dutela, eta hori lantegiz lantegi berretsi beharko dela. Adostutakoaren arabera, ''gaitasun handiagoa ematen zaio enpresari oporren atalean'', eta ''zertxobait handitzen dira malgutasun orduak eta egutegien aldaketa''. Edonola ere, berretsi egin du helburua ''enplegua eta baldintza ekonomikoak bermatzea'' dela. ''Guk uste dugu hau orekatuta dagoela eta akordio ona dela'', esan du.

ELAk eta LABek gogor kritikatu dute akordioa

ELAk gogor gaitzetsi du Sidenorren zuzendaritzak eta CCOO, UGT, CSI-F eta USO sindikatuek adostutako plana. ELAren arabera, langileei egindako "xantaia handi bat" da akordioa, lan-baldintzek "nabarmen" egingo dutelako "okerrera". Sindikatu abertzaleak ez du baztertu auzitegietara jotzea.

Ildo beretik mintzatu da LAB sindikatua ere. Zentral horren ustez, enpresarentzat "pagotxa" da akordioa,  "nahi duen dena lortu baitu, eta langileek ezer ere ez". LABen ustez, "ez da negoziaziorik egon", "enpresak ezarritako planteamenduak" bakarrik aztertu direlako.

Jaurlaritzaren ustez akordioa ''positiboa'' da

Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, akordioa ''positiboa'' eta ''enpresaren lehiakortasuna'' hobetzeko ''ezinbesteko aurrerapausoa''. Horrez gain, ''langileak akordioan inplikatu izana'' nabarmendu du Jaurlaritzak.

Jaurlaritzak berretsui egin du Sidenorreko proiektuarekiko babesa. Horrez gain, gogoratu du Jaurlaritzaren babesak berarekin dakarrela Sidenorren konpromisoa ''Euskadin jarduerari eusteko eta bertako lantokietan ahalik eta lanpostu gehienari eusteko''.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina-Errusia gerrak eragindako krisia Basauriko bideoak Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Azkoitia bideoak Eguneko albisteak Sindikatuak