Ekonomia -

Garraioa

Milaka taxi-gidarik greba egin dute gaur, lehia bidegabea salatzeko

Bizkaiko eta Nafarroako taxilariek bat egin dute lanuztearekin, baina ez Gipuzkoan eta Araban. Besteak beste, Uber eta Cabify enpresen jarduera erregulatzeko araudia aldatzea eskatzen dute.

Taxi geltokia, Bilbon. Argazkia: EFE
Taxi geltokia, Bilbon. Argazkia: EFE
Taxiaren sektoreak greba-eguna du gaur, baita Euskal Herrian ere

0:54

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiar Estatu osoko taxi-gidariak grebara deituta daude astearte honetan, besteak beste, Uber eta Cabify enpresen jarduera sektorearen kontra doala iritzita. Hala, lehia bidegabea salatzeko, protesta egin dute Madrilen, ‘Taxiaren zerbitzu publikoa desegitearen aurka’ lelopean. Bizkaiko eta Nafarroako taxilariek ere lanuzteak egin dituzte, baina Gipuzkoan eta Araban ez dute horiekin bat egin.

Bizkaian, taxi-gidari gehienek sei orduko lanuztea egin dute, 10:00etan hasita, eta, ondorioz, ez dute zerbitzua eskaini 16:00etara. Nafarroan, berriz, sektore horretako langileek bi orduko lanuzteak egin dituzte, 11:00etatik 13:00etara.

Era berean, Madrilen, hamabi orduko greba egin dute, hau da, 06:00etatik 18:00etara, eta Bartzelonan 24 orduko iraupena izan du protestak.

Besteak beste, Uber eta Cabify enpresen jarduera erregulatzeko araudi zuzenagoa eskatzen dute taxi-gidariek. Horien esanetan, legeak araututako ratioa ez da betetzen, izan ere, alokatutako gidaridun auto bakoitzeko 30 taxi egon beharko lirateke. Alabaina, Madrilen esaterako, legeak araututakoa laukoizten dute Uber eta Cabify enpresek.

Horren aurrean, Administrazioarekin hitz egiteko bideak agortu dituztela eta taxi-gidarien lana egiten duten plataformen “lehia bidegabea” Fiskaltzaren aurrean salatuko dutela iragarri dute taxilarien ordezkariek.

Azken hiru urteotan, 2014an Uber Espainian bere zerbitzua eskaintzen hasi zenetik, gidaridun autoen kopurua % 105 handitu da Estatuan. Gaur egun, 2014an baino 2.900 gidaridun auto gehiago daude.

Espainiako Sustapen Ministroak zabaldutako datuen arabera, taxilariei 66.800 lizentzia eman dizkiete, eta 5.654, gidaridun autoei. Taxien sektoreak 100.000 pertsona ingururi ematen die lana zuzenean.

Iruñeko Armada etorbidean ordubetez gelditu dituzte autoak axilariek. Argazkia: EFE

Iruñeko Armada etorbidean ordubetez gelditu dituzte autoak axilariek. Argazkia: EFE

Araudi zuzenagoa eskatzen dute taxilariek

Milaka taxilarik bat egin dute Uber eta Cabify enpresen jarduera salatzeko Estatuan egin dituzten protestetan. Ondorioz, herritar askok oso zail izan dute hiriko kale nagusietan taxi bat hartzea. “STOP VTC” edota ‘Taxiaren zerbitzu publikoa desegitearen aurka’ irakurri zitekeen geldirik zeuden taxietan.

Grebaren jarraipena oso zabala izan da, eta Espainiako taxi-gidari gehienek lanuzteak egin dituzte. Halaber, taxiaren sektorearen ordezkariek haien proposamenak biltzen dituen txosten bat eman diete alderdi politikoei. Batik bat aireportuetan eta tren geltokietan nabaritu da taxilariek greba eguna deitu dutela.

Dena dela, hiri batzuetan zerbitzu minimoak eskaini dituzte, eta, Madrilen esaterako, mugikortasun murriztua duten pertsonei ohiko arreta eman diete (telefonoz deitu behar izan dute).

Bestalde, Uber eta Cabifi enpresek agiri bat zabaldu dute, indarrean dagoen legea errespetatzen dutela ziurtatuz. Halaber, taxilariek greba egiteko duten eskubidea errespetatzen dutela esan dute, eta ohiko zerbitzua ematen ahaleginduko direla gaineratu dute.

Iruñean 90 bat taxilarik egin dute greba

Iruñean ere sektore horretako langileek bi orduko lanuzteak egin dituzte, 11:00etatik 13:00etara. Orokorrean jarraipen zabala izan du, eta 90 taxilari inguruk egin dituzte lanuzteak.

Bertako taxi elkarteek jakitera eman dutenez, ez da inolako arazorik egon, eta ordubetez autoak gelditu dituzte Armada etorbidean.

Kiko Asin, Teletaxi elkarteko kideak azaldu duenez, lanuzteek erabateko jarraipena izan dute, baina zerbitzu minimoak errespetatuz. Halaber, erabiltzaileek ez dutela protestarik egin esan du.

Iruñeko Armada etorbidean ordubetez gelditu dituzte autoak axilariek. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gipuzkoako albisteak Nafarroa Araba Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gaurko azken orduko albistea Turismo Ibilgailu Txoferdunak