Ekonomia -

Lan gatazka

Gidabaimena ateratzeko probaren aztertzaileek lanuzteei heldu diete berriro

Astelehenetik asteazkenera egingo dute greba. 2015etik "hitzartutako" soldata igoera eta lankide gehiago eskatu dituzte aztertzaileek.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekainean eta uztailean egin bezala, irailean ere lanuzteak egingo dituzte gidabaimena ateratzeko probaren aztertzaileek. Irailaren 4 honetatik hasita, astelehenetan, astearteetan eta asteazkenetan egingo dute greba.

Hasiera batean greba mugagabea zuten deituta sindikatuek, baina abuztuaren 23an "estrategia aldatzea" erabaki zuten, Espainiako Trafiko Zuzendaritzarekin (DGT, gaztelerazko sigletan) bilera egin ondoren.

Langileen ordezkariek orduan azaldu zutenez, herritarrak "ez sufriarazteagatik" eta DGTri "batzar gehiago egiteko denbora emateko", greba mugagabea bertan behera uztea erabaki zuten. Sindikatuen hitzetan, Trafiko Zuzendaritzarekin egindako azken bileran ez zuten inolako akordiorik lortu, ezta gutxieneko zerbitzuen inguruan ere.

Bi hilabeteko grebaren ondorioz, 80.000 azterketa praktiko inguru geratu dira bertan behera, DGTk emandako datuen arabera. Izan ere, jarraipen zabala izan dute lanuzteek, % 70 ingurukoa: % 75ekoa lehen egunetan, eta % 62koa, azkenengoetan.

Bi eskaera nagusi dituzte langileek. Batetik, lanpostu gehiago sortzea, aztertzaile gutxi omen daudelako, eta bestetik, 2015etik DGTrekin "hitzartuta" duten soldata igoera bat —200 bat euro hilean—. Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren esanetan, ordea, soldata igoera adostea Ogasun Ministerioari dagokio.

Grebak galerak ekarri dizkie autoeskolei. Jose Miguel Baez Autoeskolen Konfederazio Nazionaleko presidenteak nabarmendu duenez, 42 milioi euro inguru galdu dituzte, eta iraileko lanuzteek 30-40 milioi gehiago galtzea ekarriko dute.

Hala, kalte-galerak eskatzeko, Administrazioa auzitara eramatea aztertzen ari direla gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana berriak Espainia albisteak Ekonomia Gaurko azken ordukoa